[[ blob.title | words:5 ]]

[[ time | secondsToDate | date: 'HH:mm:ss' ]]

Pausumedia GKE

1936-1944: Gerra, ihesa eta erbestea Bidasoan

Behe Bidasoa eskualdearen egituraketan parte hartzea da Pausu Media elkartearen helburu nagusietako bat. Horren baitan sartzen da tokiko memoria historikoa berreskuratzeko lana. Bidasoa ibaiaren bi aldeetako errealitatea ezberdina da gaur egun, eta hala izan da, historian zehar ere. Baina aurki daitezke puntu komunak, edo lotura egin duten zubiak.

 

Zubi konkretu bat izango da, hain zuzen ere, aurten burutu nahi genukeen proiektuaren erdigune: Abenida zubia, Irun eta Hendaia 1916.urteaz geroztik lotu izan dituena. Aurten, hiriaren historiarekin lotutako urteurren asko ospatuko dituzte Irunen: Hiriak Hondarribiarekiko independentzia lortu zuela 250 urte, aduanak ezarri zituztela 175, Bidasoko trena martxan hasi zela 100 etab. Abenida zubiarentzat ere urte berezia izango da, 100 urte beteko dituelako aurten. Efemeride horrekin lotutako hainbat ekintza prestatu dituzte Irunen. Behin eta berriro aipatu dute zubiak bi aldeak lotzeko balio izan duela, baina banantzeko eta aldentzeko ere bai, testuinguruaren arabera.

Zubian bertan eta haren inguru hurbilean gertatu diren pasarte historikoen garrantzia zabaltzeko helburua du prestatzen ari garen proiektuak. Azken emaitza, 1936-1944 urteetan Irunen eta Hendaiaren arteko mugan kokatutako eleberri historiko laburra izango da. Unai Oiartzun kazetari eta Pausu Media elkarteko kideak idatziko du.

Eleberriarentzako dokumentazioa lortzeko, idatzizko  eta ahozko testigantzak hartuko ditu oinarri. Eleberria prestatzeko prozesu guzti hori, Antxeta Irratiko emankizun sorta baten bidez zabalduko dugu. Modu horretan, alde batetik, historiako pasarte horien inguruko informazioa jasoko dute entzuleek. Bestetik, beranduago etorriko den eleberriarekiko interesa piztuko zaie.

Beste zenbait komunikabiderekin sendotutako harremanari esker, bildutako dokumentazioa zabaltzeko beste bideak ere ziurtatuta ditugu: Irunero aldizkarian erreportajea, eta Txingudi Online hedabide digitalean bideo ekoizpena.

Emankizuna Data
1936-1944: Gerra, ihesa eta erbestea Bidasoan: Irratsaioak

Behe Bidasoa eskualdean, eta bereziki Irunen eta Hendaiaren arteko mugan kokatutako eleberri laburra izango da. Eleberri historikoa, 1936-1944 epean kokatua (Gerra Zibilaren eta Bigarren Mundu Gerraren garaian). Bereziki, irakurle gazteei zuzenduko luzera eta estiloa izango ditu, haien arbasoek duela 75-80 urte bizi izandakoak ezagutu ahal izan ditzaten.

Abenida zubiaren inguru hurbilean kokatuta egongo da eleberria. Garaia, zubiak bizi izan duen periodorik gogorrena izango da (1936-44). Beste urteurren batekin lotuta egongo da, gainera, eleberriaren hasiera. Duela 80 urte erre zuten Irun, Gerra Zibileko lehen batailetako baten ondoren (1936ko irailean). 

1936 urteko iraila izango da, hain zuzen ere, eleberriaren abiapuntu. Gerratik ihesi, Hendaiara pasako da Junkal gazte irundarra, eleberriko protagonista nagusia, amarekin eta anaia txikiarekin. Aita Irungo Santiago auzoan geldituko da, zurgindegian lanean, militantzia politiko argirik izan ez duenez, ez delako frankisten okupazioaren ondorioen beldur. Junkalen ahizpa, berriz, frontean hilko da, Irun defendatzen. Pikoketako fusilatuetako bat izango da.

Familiako emakumeak, Hendaiako senide batzuen etxean hartuko dituzte. Ibaiaren ertzean egongo da etxea, irlen parean, Irun begien bistan izango dutelarik. Handik ikusiko dute Irun sutan. Eta etxe horretan emango dituzte hurrengo urteak ere. Hendaian kokatutako erbesteratuen egunerokoa, haien kezkak eta penak kontatuko ditu eleberriak. Baina bestelako hariak ere izango ditu, abenturaren, suspensearen eta maitasunaren osagaiak emango dizkiotenak.

 

Junkalentzat oso gogorra izango da aitarengandik horren hurbil egonda, haren berririk ez edukitzea. Egun batean, ibaian arropa garbitzen dagoela, ibaian zehar gabarran dabilen mutil bat ezagutuko du, bere adin antzekoa duena. Irletako paduran barrena, Guardia Zibilen eta karabineroen begiradetatik kanpo, Santiagoraino iristeko bidea erakutsiko dio. Horrela, aitarekin biltzeko aukera izango du.

Santiago auzorako bidea erakutsi dion mutilarekin harreman estua egingo du Junkalek. Kontrabandoan dabilela jakingo du, eta inplikatu nahi izango du, Bidasoaren alde bateko eta besteko errepublikazaleak laguntzeko asmoz. Zenbait abentura biziko dituzte elkarrekin, zeregin horretan. Pixkanaka, elkar maiteminduko dira.

Baina amaiera aldera, mutil laguna frankisten baimenarekin nazientzat wolframioa pasatzen ari dela konturatuko da Junkal, Bidasoaren alde bateko eta besteko faxisten oniritziarekin. Traizionatua eta engainatua sentituko du Junkalek bere burua. Ezingo dio egindakoa barkatu. Hala ere, azkenean, atxilotzetik salbatuko du mutilak, bere bizitza arriskuan jarriaz.

Argumentu nagusian txertatuta, gertakari historikoen zertzeladak agertuko dira: Irungo bataila eta hiriaren erretzea, Pikoketako fusilatuak, nazien okupazioa, Francoren eta Hitlerren arteko bilera, Comète ebasio sarearen lana, Lluis Companysen entrega etab. Denak Abenida zubiarekin eta haren inguru hurbilenarekin lotutakoak. Pertsonaia historikoak ere agertuko dira, fikziozkoekin uztartuta.  Irakurleentzat, gertakari eta pertsonaia historiko horietara hurbiltzeko modua izango da.

2016-12-20