[[ blob.title | words:5 ]]

[[ time | secondsToDate | date: 'HH:mm:ss' ]]

Pausumedia

Kiroletik

Behe Bidasoako kirol elkarteen aktualitatea

Emankizuna Data
Real Union arnasberritzera datoz Ceberio eta Martinez

Azken fitxaketek Real Unioneko lehen taldearen batez besteko adina nabarmen jaitsi dute. Jon Ceberio erdilari donostiarrak 21 urte ditu; Javi Martinez aurrelari iruindarrak 20. Nafarroara begira ari da, hain zuzen ere, Eneko Romo kirol zuzendaria, Peña Sport-en eta Izarran aritu baitira bi jokalariak aurten, hurrenez hurren. Joan den astean kontratua sinatu zuen Yoel Sola ere Izarra taldetik dator.

Jon Ceberio Realean hazitako jokalaria da. Erresuma Batuan, Boltonen esperientzia labur bat eduki ondoren, Tafallan Realak utzita jokatu zuen. 32 partida jokatu zituen, 27 hasieratik. Realak ez dio kontratua luzatu, eta Real Unionen ariko da 2018/2019 sasoian. Javi Martinez Osasunako harrobiko jokalaria da. Aurten, Izarran, 18 partida jokatu eta hiru gol sartu ditu.

2018-06-16
Lehen lerrorako errefortzua izango da Seri

Rudy Seri frantziarra fitxatu du Bidasoak, datozen bi denboraldietarako. 24 urteko ezker alboko jokalaria da eta Frantziako ligan aritu da azken denboraldietan, lehen eta bigarren mailan, Selestat Alsace taldearekin. Lehenago Troyes taldean ere ibili zen.

Azken asteotan, lehen mailara igotzeko fasean, taldeko golegile onena izan da. Nabarmendu junior mailan munduko txapeldun izan zela Seri, Frantziako selekzioarekin, 2015 urtean, Brasilen. 

2018-06-12
Azken probak egin dituzte Hondarribiko ontziek

Denboraldiaurreko azken estropada eduki dute Hondarribia Arraun Elkarteko traineruek larunbatean, Gure Esku Dago banderan, Lekeition. Gizonezkoek ez dute mailarik onena eman, laugarren izan baitira, Zierbenaren, Santurtziren eta Donostiarraren atzetik. Irabazleak baino 25 segundo gehiago behar izan ditu Ama Guadalupekoak.

Emakumezkoen ontzia hirugarren gelditu da, San Juan eta Orio indartsuen atzetik. Hamazazpi segundo galdu dituzte berdeek, eta atzean utzi dituzte Donostiarra, Hibaika eta Deustu. Udako sasoirako prest daude berdeak. 

2018-06-11
Europako Txapelketako podiumera igo da Aitor Gorrotxategi

Brontzezko domina jantzi du Aitor Gorrotxategi piraguista irundarrak, Europako Esprint Txapelketan, Belgraden (Serbia). K4 kategoria absolutuan lortu du Santiagotarrak K.E.ko palistak, Javier Hernanz (Asturias), Pelayo Roza (Asturias) eta Ruben Millan (Galizia) taldekideekin, 1.000m-ko distantzian. Domina eskuratzeaz gainera, abuztuaren amaieran Portugalen jokatuko den Munduko Txapelketan parte hartzeko txartela lortu du laukoak. 

2018-06-11
Real Unionen zelai erdia indartuko du Solak

Yoel Sola (Iruñea, 1992) erdilaria kontratatu du Real Unionek, datozen bi denboraldietarako. Osasunan eta Peña Sport-en ibilia da nafarra, eta azken hiru sasoietan Izarran aritu da. Aurten 32 partida jokatu eta zortzi gol sartu ditu.

Real Unionen bigarren fitxaketa da Sola, Jon Irazustabarrena “Txusta” atezainaren itzulera ere konfirmatu baitu klubak. Gainera, Mario Capelete eta Alex Letamendia harrobiko jokalariek, Iñaki Urkizuk eta Mikel Orbegozok elastiko txuribeltza janzten jarraituko dute. 

2018-06-07
Salinas eta De la Salud fitxatu ditu Bidasoak

Hurrengo sasoian Granollersen ariko diren Popovic eta Lancina ordezkatuko dituzten jokalarien berri eman du Bidasoak. Esteban Salinas (Viña del Mar, 1992) txiletarra ariko da pibote postuan. Rodrigo Salinas Bidasoako jokalariaren anaia da, eta Benidormen aritu da azken hiru denboraldietan. Erasoko erdiko posturako, aldiz, Sergio de la Salud (Barcelona, 1985) beteranoa kontratatu du Bidasoak. Azken sasoietan Frantziako ligan aritu da, Chartres Métropole taldean. Barçan hazitako jokalariak esperientzia handia du Asobal Ligan, Guadalajara, Ciudad Encantada eta CAI Aragón taldeetan aritua baita.

2018-06-04
Mailari eutsi dio Hondarribiak

Ohorezko Maila Erregionalean jarraituko du Hondarribia Futbol Elkarteak. Azken jardunaldian lortu du helburua, enegarren aldiz. Berdinketarekin aski zuten berdeek, baina 1-0 mendean hartu zuen Aretxabaleta, larunbatean Hondartzan.

Bigarren zatian iritsi zen Hondarribia FE-ren gola, 57.minutuan. Ospakizun handiaren ondoren, abantailari eusteko lanari ekin zion etxeko taldeak. Aurkariaren oldarraldiak gelditzeko gai izan ziren, urrezko hiru puntuak eskuratzeko. Lasai atseden hartu ahal izango dute orain berdeek. Hamabosgarren tokian bukatu dute liga, 36 punturekin. Real Union B hamaikagarren izan da, 40rekin. 

2018-05-28
Juan Dominguezek hartuko du Real Union zuzentzeko ardura

Ezustekoa eman du Real Unionek, hurrengo denboraldiko entrenatzailea izendatzerako orduan. Juan Dominguez (Donostia, 1983) jokalariak berdegunea utzi eta taldea zuzentzeko ardura hartuko du. Bederatzi denboraldi egin ditu donostiarrak elastiko txuribeltzarekin, 2.mailara igoera eta zilarrezko kategoriako esperientzia barne. Realean hazi ondoren, Real Unionen, Lleidan, Nastic-en, Guijuelon eta Eibarren aritu da, jokalari. Orain lehen esperientzia edukiko du aulkian. 

2018-05-22
Igoeraren bila ariko dira BATeko gizonezkoak

Denboraldiko bigarren garaipena lortu dute Super Amara Bidasoa Atletiko Taldeko gizonezkoek, Estatuko Lehen Mailako ligako bigarren jardunaldian. Donostian izan da, igandean. Cartagena, Tenerife eta Naron mendean hartu ditu, 193 punturekin. Lehen Mailako sailkapen orokorrean, hirugarren postuan dago BAT. Hortaz, igoera lortzeko abagunea edukiko du azken jardunaldian.

Emakumeak Ohorezko Mailan ari dira, hain zuzen ere. Lan txukuna egiten ari dira, hirugarren izan baitira bigarren jardunaldian Castellón. Ekainaren 16an, azken jardunaldian, mailari eusteko lehian ariko dira. 

2018-05-22
Bidasoak garaipenarekin borobildu du agurra

BIDASOA 33-26 PUERTO SAGUNTO

BIDASOA: Zubiria, Crowley (3), Kauldi (4), Renaud (2), Salinas (4), Popovic, Redondo. Ledo, Cavero (1), Beltza, Aldaba (1), Nonó (5), Serrano (4), Azkue (5), Lancina (3).

PUERTO SAGUNTO: Bruixola, Inestrosa (1), Pocholo (4), Querín (5), Spiljac (3), Prendes, Folques (4). Chueca, Zmvac (8), Ruiz (1), Celorrio, Nebot, Linares, Fernández, Bergantiño.

MARKAGAILUA: 2-2, 6-4, 8-7, 9-10, 14-11, 16-14 (atsedenaldia); 18-15, 21-17, 23-19, 26-22, 30-26, 33-26.

Hamargarren postuan eta hogeita zazpi punturekin amaitu du Bidasoak Asobal Liga, azken jardunaldian Puerto Sagunto mendean hartuta (33-26). Agurren arratsaldea izan zen larunbatekoa Artalekun. Alde batetik, Asier Zubiria kapitainak omenaldi berezia jaso zuen bere azken norgehiagokan, Bidasoan hamabi denboraldi egin eta gero. Mikel Redondok eta Eduard Nonók ere eskubaloia utziko dute eta zaleen txaloak jaso zituzten. Gainera, Popovicek eta Lancinak ez dute Bidasoan jarraituko, hurrengo denboraldian.

Agurrak ziren lehentasuna, baina Bidasoak azken bi puntuak bildu zituen, intentsitate handirik gabeko partida batean. 8-10eko abantaila eduki zuen Puerto Saguntok, lehen zatian. Atsedenaldirako, ordea, aurrea hartu zuen etxeko taldeak (16-13). Bigarren zatian, neurketa kontrolpean eduki zuen Jacobo Cuétararen taldeak. Entrenatzaileak hutsartea eskatu zuen 40 segundo falta zirela, baina ez zuen agindurik eman. Minutuko txalo zaparrada izan zen, ondorengo omenaldiei hasiera emateko ekimena. 

2018-05-21
Hirugarren aldiz irabazi du Olazabalek Aiako Harrian

Hirugarrenez irabazi du Alizia Olazabalek Erlaitz-Aiako Harria mendi meratoi erdia (2:19:44). Hasieratik ihes egin zuen, eta hiru minutu atera zizkion helmugan Maud Combareu urruñarrari. 2015 eta 2016 urteetan ere irabazi du Olazabalek. Gizonezkoetan, Ander Iñarra izan zen azkarrena (1:49:40), Hassan Ait Chaouren aurretik. Diferentzia estua izan zen gizonezkoetan, 38 segundo baino ez baitziren egon bien artean. Guztira, 240 korrikalarik amaitu zuten Erlaitz Mendi Elkarteko Mugalariek antolatzen duten proba. 

2018-05-16
Sardineron irabazita amaitu du Real Unionek

RACING 0-2 REAL UNION

RACING: Crespo; Gándara, Regalón (Cobo, 74'), Gonzalo, Castañeda; Héber (Miguélez, 57'), Rivero, Jerin, Díaz (Óscar, 57'); Lázaro, Aquino.

REAL UNION: Sequeira; Urkizu, Aimar, Esnaola, Gayoso; Ekhi, Martins; Capelete (Letamendia, 74'), Llamas (Hernáez, 65'), Juan Domínguez (Rodellar, 73'); Orbegozo.

GOLAK: 0-1: Llamas (52'); 0-2: Hernáez (72').

EPAILEA: López Puerta. Txartel horiak: Ekhi eta Urkizu (Real Union).

Ezustekoa eman zuen igandean Real Unionek, azken jardunaldian Racing mendean hartuta, non eta Santanderko El Sardineron. Presioa gainetik kenduta, eroso aritu ziren txuribeltzak, etxekoen kontrako bihurtu zen giro nahasi batean. Izan ere, joan den astean Zubietan galduta, igoera fasea jokatzeko aukera gehienak agortu zitzaizkion Racingi.

Amorratuta irten ziren etxekoak berdegunera, eta lehen minutuetan, sufritzea egokitu zitzaion Real Unioni. Riberaren taldeak hobera egin zuen, ordea, eta bigarren zatian, nagusi izan zen. 52.minutuan 0-1ekoa sartu zuen Llamasek, Capeleteren jokaldi on bat borobilduta. Etxekoen kontrako txistuak, eta irundarren aldeko txaloak egon ziren, aurrerantzean, Sardineron. 72.minutuan 0-2koa sartu zuen Hernaezek, Unionen garaipena ziurtatzeko. Nabarmentzekoa izan zen, era berean, Sequeira atezainaren lana, Racingen abaguneen aurrean. Azken hiru puntuekin, hamahirugarren postuan bukatu du Unionek liga, 46 punturekin.

2018-05-15
Juan Pedro Lopezek agindu du Bidasoan

Polartec-Kometa taldeko Juan Pedro Lopez sevillarrak irabazi du aurtengo Bidasoa Itzulia. Lehen etapan jantzi zuen maillot horia, Igantziko Irrisarri Land parkeko helmugan irabazita. Bigarren etapan Barnabas Peak (UCI) hungariarrak irabazi zuen Hondarribiko Harresilandan, eta hirugarrenean, Alessandro Covi (Colpack) italiarra izan zen azkarrena, Orion.

Covik berak eragin dio estualdirik handiena Lopez liderrari, azpen etapan. Aritxulegin ihes eginda, minutu eta erdiko abantaila ere eduki du liderrarekiko. Ordekan taldekideen babesa eduki du Lopezek, ordea, eta San Martzialgo horma igarota, Erlaitzen indartsuena izan da. Covi harrapatu du, eta harekin sartu da Colon Ibilbideko helmugan. Italiarrak irabazi du laugarren etapa. Maillot horia, aldiz, Juan Pedro Lopezena izan da, hasieratik bukaerara.

2018-05-14
Pontevedran irabazi du Bidasoak azkenaurrekoa

TEUCRO 27-31 BIDASOA

TEUCRO: Santana, Edu Moledo (3), Balázquez (8), Dani Hernández (3), Samu Gómez (1), Borja Méndez (5), Iván Fernández (1). Lloria, Carlos García (3), Gehrhard, Quintas (2), Iglesias (1), Bruno Teixeira, Medina, Moyano.

BIDASOA: Ledo, Crowley (3), Leo Renaud (2), Popovic, Mikel Redondo, Rodrigo Salinas (4), Odriozola (9). Rangel, Cavero (3), Beltza, Senosiain, Iker Serrano (5), Azkue (3), Lancina (1).

MARKAGAILUA: 1-3, 4-5, 7-5, 8-8, 10-10, 13-12 (atsedenaldia); 15-15, 17-18, 20-20, 23-24, 24-27, 27-30.

Teucroren etxean garaipena lortu du Bidasoak, Asobal Ligako azken aurreko jardunaldian. Intentsitate gutxiko partida izan zen larunbatekoa, neurri batean, taldeek ez zutelako funtsezko helbururik jokoan. Jacobo Cuétararen taldea indartsu hasi zen, 1-4ko lehen partzialarekin, bigarren lerroko jokalarien eraginkortasun handiarekin. Kauldi Odriozolak bederatzi gol sartu zituen guztira, eta bost Iker Serranok.

Teucrok markagailua parekatzea lortu zuen lehen zatiaren erdirako, eta atsedenaldira arte, abantaila txikiak eduki zituen. Bigarren zatian bide berdina jarraitu zuen lehiak, hamar minutu falta zirela Bidasoak martxa bat gehiago sartu zuen arte. 58.minutuan norgehiagoka erabaki zuen talde horiak, lau goleko errenta lortuta (26-30). Sailkapeneko hamargarren postuan dago orain Bidasoa, 25 punturekin. Benidormekin berdinduta dago, eta postu horri eusten ahaleginduko da azken jardunaldian. Maila galdu duen Puerto de Saguntoren kontra ariko da Bidasoa Artalekun. 

2018-05-14
Promozioa ekidin du Real Unionek

REAL UNION 1-1 SPORTING B

REAL UNION: Otaño, Urkizu, Azkoiti (Aimar, 47'), Esnaola, Gayoso, Ekhi, Martins, Eizmendi, Juan Domínguez (Rodellar, 81'), Llamas (Capelete, 78'), Orbegozo.

SPORTING B: Martín, Montoro, Cordero, Rodríguez, Ruiz, Salvador (Riego, 70'), Cerro (Méndez, 45'), Díaz, Medina, Cayarga (Pablo, 62'), Traver.

GOLAK: 1-0: Juan Domínguez (70'); 1-1: Traver (87').

EPAILEA: Mena Gimeno. Txartel horiak: Juan Domínguez, Orbegozo (Real Union); Rodríguez (Sporting B).

Jaitsiera promozioaren mehatxua saihestu du Real Unionek, azken aurreko jardunaldian Sporting Bren aurka berdinduta. Puntu batekin aski zuten txuribeltzek, baina gogotik sufritu behar izan dute horretarako. Maila ona eman du José Luis Riberaren taldeak, presioa alde batera utzi eta ausardiaz jokatuz. Aurrean, alabaina, multzoko talde onenetako bat zegoen. Izan ere, lehen postuan amaitzeko lehia betean dago filial asturiarra.

Neurketa bizia izan da, abagunez betea. Lehen zatian, Orbegozok eta Esnaolak gertu eduki dute gola, besteak beste. 42.minutuan, ordea, Medinak eduki du aukerarik onena, Sportingen alde. Bigarren zatiaren hasieran, Azkoitik berdegunea utzi behar izan du, min hartuta baitzegoen lehen zatitik. 58.minutuan, Orbegozok penalti jaurtiketan huts egin du, joan den astean bezala. Oraingoan, berriz, galdutako aukerak ez du etxekoen indarra murriztu.

Bideari eutsi dio Real Unionek, eta azkenean, 70.minutuan, saria eskuratu du. Juan Dominguez kapitain beteranoak sartu du gola, eta amorruz ospatu du. Azken hogei minutuetan, Sportingen oldarraldiei eusteko zailtasunak eduki dituzte etxekoek. 87.minutuan, Traverrek banakoa sartu du, amaiera are gehiago estutuz. Txuribeltzek, dena den, ondo kudeatu dituzte azken minutuak, eta zaleen babesarekin, 2.B mailari eusteko balio duen puntua lortu dute. 

2018-05-07
Neurketa eroa irabazi du Real Unionek

REAL UNION: Otaño, Estrada, Gayoso (Urkizu, 67'), Senar, Azkoiti, Aimar, Capelete (Martins, 79'), Sergio Llamas, Orbegozo, Juan Domínguez, Eizmendi (Hernáez, 61').

GERNIKA: Altamira, Calle, Arego, Petxarroman (Güemes, 46'), Carracedo, Torrealdai (Txema Pan, 79'), Olaetxea, Abaroa, Santamaría, Etxabe (Bilbao, 87'), Gorka Larruzea.

GOLAK: 1-0: Orbegozo (19'); 2-0: Juan Domínguez (22'); 3-0: Orbegozo (25'); 4-0: Azkoiti (47'); 4-1: Güemes, (58'); 4-2: Olaetxea (62'); 4-3: Etxabe (75'); 4-4: Güemes (81'); 5-4: Orbegozo (93').

EPAILEA: Recio Moreno Txartel horiak: Eizmendi, Juan Domínguez, Azkoiti, Estrada, Hernáez (Real Union); Olaetxea, Torrealdai, Abaroa (Gernika).

Mailari eusteko bidea samurtu zaio Real Unioni, Gernika Stadium Galen mendean hartu eta gero. Asko kostata lortu ditu hiru puntuak, hori bai, luzapenean sartu baitu Mikel Orbegozok gol erabakigarria, bere hirugarrena. Kontuan hartu behar da txuribeltzek 4-0eko abantaila ere izan dutela. Azaltzen zaila dirudi, beraz, ondoren etorri dena. Lehen zati ona egin du Jose Luis Riberaren taldeak, aspaldian baino askoz eraginkorragoa izan da, eta hiru goleko errentarekin iritsi da atsedenaldira. Orbegozok sartu du lehena penaltiz, Juan Domínguezek bigarrena kontraeraso bat modu ederrean biribilduta, eta Orbegozok berak hirugarrena, Eizmendiren pasea baliatu eta baloia atezainaren oinen artetik sartuta.

47.minutuan, gainera, Mikel Azkoitik laugarren gola sartu du buruz, korner batean. Bigarren zatia lasaia eta erosoa izango zela zirudian. Ez da hala izan, ordea, inondik-inora. Bost minutuko epean bi gol sartu ditu Gernikak, 63.minuturako 4-2koa jarriaz. 75.ean, gainera, penaltia adierazi du epaileak, eta 4-3koa sartzeko baliatu du Etxabek. Ez ohiko animoak entzun dira orduan harmailan, taldearen gainbehera kezkatzekoa zelako. 80.minutuan 4-4koa sartu du Güemesek korner batean, norgehiagoka irabazten ahalegintzeko beste hamar minutuko tartearekin. Azken minutuetan, ordea, Unionek eduki ditu abagune onenak. Hernaezek baloia langara bidali du falta batean, eta Orbegozok buruz-buruko batean huts egin du ondoren. Biak izan dira protagonista azken jokaldian, Hernaezen jaurtiketaren aldaratzea baliatu baitu Orbegozok, buruz 5-4koa sartzeko. Onena emaitza izan da, hiru puntuekin, zazpiko aldea baitu Real Unionek promozio postuarekiko, hiru partida geratzen direnean. 

2018-04-22
Guadalajararen gainbeheran sakondu du Bidasoak

GUADALAJARA: Mellado, Márquez (7), Vidal, Nacho Moya (2), Víctor Vigo (2), Javi García (2). Montoya (2), Fuentes, Sanz, Bozalongo, Parra (1), Lucas (2), Sedano, Valles (1),Eceolaza (1).

BIDASOA: Ledo, Beltza, Aldaba, Odriozola (7), Renaud, Popovic (4), Redondo. Lancina (3), Salinas (2), Crowley (2), Vázquez (1), Serrano (1), Azkue (2).

MARKAGAILUA: 3-2, 4-4, 6-6, 8-8, 10-9, 11-13 (atsedenaldia). 12-16, 13-19, 15-19, 17-19, 18-19, 19-23.

Arerioaren momentu txarra aprobetxatu du Bidasoak, etxetik kanpo bi puntu lortzeko. Guadalajaran irabazi du ostiralean, defentsa sendoan oinarrituta. Lehen zatia orekatu samarra izan bada ere, bi goleko errentarekin hartu dute bidasoarrek aldagelarako bidea (11-13). Bueltan, hutsartea eskatu behar izan du etxeko entrenatzaileak segituan, Azkuek 12-17koa sartu duenean.

Eragina izan du, 18-19ra gerturatu baita etxeko taldea. Orduan, alabaina, bi jokalari kanporatu dizkio epaileak segidan, eta Bidasoak ez du abagunea alferrik galdu. Ledok bere atetik sartu du 18-21ekoa, egoerari aurre egiteko atezaina kentzea erabaki baitu etxeko entrenatzaileak. Hurrengo gola Popovicek sartu du, norgehiagoka erabakiz (18-22), bi minutu falta zirenean. Hurrengo hitzordua Artalekun izango du Bidasoak, Anaitasunaren kontrako derbiarekin. 

2018-04-22
Igoera fasea jokatuko du Hondarribia Eskubaloiak

Laugarren tokian bukatu du Hondarribia Eskubaloiak Euskal Liga. Bigarren itzulian egindako lan onari esker lortu dute berdeek, izan ere, abenduaren 16tik partida bakar bat ere ez dute galdu. Horietatik bost berdinketak izan dira, azkena, Zarautzen (22-22).

Aurre-fase bat jokatu beharko du Hondarribiak asteburuan, Arrasaten. Zarautzen kontra ariko dira berdeak, hain zuzen ere, eta Arrasatek eta Aloña Mendik neurtuko dituzte indarrak beste finalerdian. Irabazleek finala jokatuko dute, eta onenak soilik egingo du aurrera. Maiatzeko bigarren asteburuan jokatuko du Espainiako Lehen Mailara igotzeko azken kanporaketa. 

2018-04-18
Mailari eustea lortu du Bidasoak, estualdirik gabe

BIDASOA: Rangel, Crowley (3), Kauldi (3), Renaud (1), Salinas (7), Popovic (1), Lancina (1). Zubiria, Cavero (2), Vázquez (1), Beltza, Nonó, Serrano (3), Azkue (3), Redondo.

ZAMORA: Calle, Ceballos, Abalos (1), Ruiz, Martín (6), Mouriño (9), Facundo. Iriarte (2), Magadán (1), Maide, Gómez, Sandín, García, González, Prieto.

MARKAGAILUA: 3-2, 4-3, 6-4, 9-6, 11-7, 12-9 (atsedenaldia); 14-12, 15-14, 17-15, 19-16, 23-16, 25-19.

Sasoiko helburua erdietsi du Bidasoak, Asobal Ligan jarraitzeko berme matematikoa lortuta. Zamora Artalekun gainditu ondoren izan da, azken minutuetan erabaki den norgehiagokan. Bidasoaren mende ibili da Zamora, eta kostata eutsi dio lehiari, lehen zatian (12-9). Aldagelatik bueltan, aldiz, markagailua asko estutu du kanpoko taldeak. Hamabost minutu falta zirela, berdinketa ere jarri du Magdanek. Orduan, alabaina, mailarik onena eman du Jacobo Cuétararen taldeak, neurketa behin-betiko apurtu arte. 21 punturekin, mailari eustea lortu du, jada, Bidasoak.

2018-04-16
Real Unionek ez du arnasa lasai hartzeko modurik

ARENAS: Txemi; Espinosa, Royo, Edu Luna, Jonxa Vidal; Matador, Uranga; Aitor Ramos (Jordán, 78'), Luisma Villa, Zamorano (Cristóbal, 66'); Dani López (Ontiveros, 85').

REAL UNION: Otaño; Estrada, Aimar, Ekhi, Esnaola, Gayoso; Martins (Mikel Alonso, 60'); El Haddadi (Capelete, 76'), Juan Domínguez, Eneko Eizmendi; Orbegozo.

GOLAK: 1-0: Dani López (40'); 1-1: Orbegozo (69').

Beste bi puntu kendu dizkio Izarrak Real Unioni, eta lauko abantaila baino ez dute txuribeltzek, jada, promozio postuarekiko. Puntu bakarra bildu zuten larunbatean Getxon, hirugarren berdinketa segidan. Ondo hasi zen Riberaren taldea, sendo, behintzat, defentsako lanetan. Etxeko taldea izan zen baloiaren jabe, eta minutuek aurrera egin ahala, gero eta arrisku handiagoa sortu zuen Otañoren atearen inguruan. 40.minutuan, 1-0ekoa sartu zuen Dani Pérezek, Zamoranok egindako erdiraketa buruz errematatuta.

Bigarren zatian, Unionen erasoko gabeziak agerian gelditu ziren, kostata estutu baitzuen kontrako atezaina. Penalti batek salbatu zuen, 69.minutuan. Mikel Orbegozok banakoa egin zuen, eta hortik aurrera, partidaren itxura zeharo aldatu zen. Min handia eragin zion golak etxeko taldeari. Txuribeltzak, aldiz, indartsu ibili ziren, eta eraginkortasun faltak soilik ekidin zuen Real Unionen garaipena. Puntua sari eskasa da, kontuan hartuta Vitoriak eta Izarrak garaipen bana lortu dutela. Igandean Gernika hartuko du Unionek Galen, funtsezko norgehiagoka batean. Ondoren, sailkapeneko lehenengo hiruen aurka jokatu beharko baitu Riberaren taldeak. 

2018-04-16
Luzaroan eutsi dio Bidasoak Barçari

BARCELONA: Pérez de Vargas; Víctor Tomás (2), Mem (8), Sorhaindo, Raúl Entrerríos (3), Viran Morros (1), Ariño (1). Ristovski; Áleix Gómez, Syprzak (5), Valero Rivera (4), Borges, Dolenec, N’Guessan (2), Jallouz (3), Lenne.

BIDASOA: Zubiria; Cavero, Salinas (4), Popovic (2), Lancina, Nonó, Crowley (3). Luan, Kauldi (2), Aldaba (1), Beltza, Renaud (5), Serrano (5), Azkue (4), Redondo, Lancina.

MARKAGAILUA: 2-1, 6-3, 7-6, 9-8, 12-10, 14-13 (atsedenaldia); 16-15, 19-17, 22-20, 24-22, 26-25, 29-26.

Norgehiagoka txukuna osatu zuen Bidasoak, asteartean Palau Blaugranan. F.C.Barcelonak Asobal Liga erabaki zuen aurreko jardunaldian, baina Txapeldunen Ligatik kanpo gelditu zen ondoren, Montpellierren aurkako kanporaketa galdu eta gero. Blaugranak indartsu hasi ziren Bidasoaren aurkakoan, 4-1eko partzialarekin. Ez zuen abantaila handiagorik lortu, ordea. Defentsako lan ona egin zuen Jacobo Cuétararen taldeak, eta aulkia mugituta, Barçaren erritmoari eutsi zion.

Bigarren zatiaren hasieran, markagailuan abantaila hartzea ere lortu zuen Bidasoak (16-17). Neurketaren amaierarako bi minutu baino gutxiago falta zirela, Azkuek 27-26koa sartu zuen. Epaileak Popovic kaleratu izanak bidasoarren lana zaildu zuen, eta gainera, Gonzalo Perez de Vargas atezainak ondo itxi zuen etxekoen atea. Bartzelonan egindako lan onak indarra emango dio Bidasoari, larunbateko hitzordu garrantzitsuari heltzeko. Zamora hamalaugarren sailkatua hartuko du Artalekun.

2018-04-11
Beste urrats txiki bat eman du Real Unionek

LEIOA 0-0 REAL UNION

LEIOA: Urtzi; Morcillo, Córdoba, Dani, Alain; Iosu Villar, Nico; Leandro, Aspas (Izaro, 84'), Óscar García; Yurrebaso.

REAL UNION: Otaño; Estrada, Azkoiti, Senar, Aimar, Gayoso; El Haddadi, Martins, Mikel Alonso (Llamas, 70'), Eneko Eizmendi (Josu Hernáez, 81'); Orbegozo (Capelete, 86').

EPAILEA: Herrero Arenas. Txartel horiak: Óscar García, Alain (Leioa); Martins (Real Union).

Kostata, baina puntu bat bildu zuen Real Unionek larunbatean Leioan. Horri esker, sei puntuko errenta du promozio postuarekiko, Izarrak Burgosen galdu eta gero. Irungo taldeak lehen zati txukuna egin zuen Sarrienan. Lesioak gaindituta, Orbegozok eta Eizmendik maila ona eman zuten erasoan. Beasaindarrak eduki zituen bi abagune onenak.

 

Bigarren zatian, ordea, bide ezberdina hartu zuen lehiak. 47.minutuan epaileak baliorik gabe utzi zuen Daniren gola, jokoz kanpokoagatik. Horrek, hala ere, indarra eman zion etxeko taldeari. Gero eta hobeto aritu zen Leioa, gol aukera argiak sortuz. Bi aldiz jo zuen baloiak zutoinean. Azkena 92.minutuan izan zen, Aitor Morcillo txuribeltz ohiak jaurtitako falta batean. 

2018-04-08
Gehiago ere lortu ahal izan du Bidasoak
BIDASOA 27-27 GRANOLLERS

BIDASOA: Rangel, Crowley (1), Beltza, Kauldi (3), Renaud (2), Salinas (5), Popovic (1). Ledo, Cavero (1), Aldaba (2), Nonó (2), Serrano (1), Azkue (4), Redondo, Lancina (5).

GRANOLLERS: Oliveira, Cabanas (3), Figueras (3), Cañellas (3), Resina (3), Vukasin (4), Márquez. Guardia, Porras (2), Pérez (1), Ferrer, Valera, Pujol, Gassama (4), Silva (4).

MARKAGAILUA: 4-1, 8-5, 9-7, 11-10, 13-12, 15-16 (atsedenaldia); 17-19, 19-22, 21-23, 23-24, 25-25, 27-27.

Partidaren aurretik pentsa zitekeenaren kontra, Granollersen kontrako puntua sari eskasa izan da Bidasoarentzat. Eskura izan baitu garaipena, beste amaiera estu batean. Lehen minutuetan kataluniarrak baino askoz hobeto aritu dira bidasoarrak, bai defentsan, baita erasoan ere. 8-4koarekin hutsartea eskatu behar izan du Antonio Rama entrenatzaileak, Bidasoaren erauntsia gelditu ezinik. Eragina izan du, ordea, eta hurrengo minutuetan, Granollersek hobera egin du nabarmen. Figueras piboteak markagailua berdindu du, 9-9koarekin. Are gehiago, atsedenaldirako, abantaila hartu du kanpoko taldeak.

Bigarren zatian abiada bat gehiago eman dio Granollersek partidari. Oliveira atezainaren geldiketei esker, kontraerasoan errenta handituz joan da. 19-22koarekin, sailkapeneko hirugarrenak garaipenerako bide zuzena hartua zuela zirudien. Bidasoak ez du amorerik eman, ordea, eta amaierarako hamar minutu falta zirela, markagailua berdindu du berriro (23-23). 27-26koarekin, erasoan falta egin du Granollersek, eta Bidasoak 50 segundo eduki ditu bi goleko errenta lortzeko. Baloia galdu du, alabaina, eta bost segundo falta zirela, 27-27koa sartu du Cañellasek.

2018-03-28
Maiora eta Lizeaga izan dira azkarrenak Talaia Bidean

Jokin Lizeaga urnietarra (2:14:18) eta Maite Maiora mendaroarra (2:44:17) igo dira podiumeko lehen tokira, Donostia-Hondarribia Talaia Bidea mendi lasterketan. Oso gogorra izan da zortzigarren edizioa, euriaren, haizearen eta lokatzaren eraginez.

Gizonezkoetan Iker Oliveri hondarribiarra izan da bigarren, eta Aritz Kortabarria hirugarren. Emakumeetan, Lourdes Oiartzabalek eta Itsaso Leundak osatu dute podiuma. 450 korrikalarik amaitu dute 31km-ko proba.

2018-03-27
Esku hutsik itzuli da Real Union Errioxatik

LOGROÑÉS 2-0 REAL UNION

LOGROÑÉS: Miguel, Sotillos, Miguel Santos, Caneda, Zubiri, Arnedo, Ñoño (Salva Chamorro, 78'), Carles Salvador, Marcos André (Titi, 84'), Muneta, Espina (Rubén Martínez, 63')

REAL UNION: Otaño, Azkoiti, Gayoso, Rodellar (Mikel Alonso, 66'), Ekhi (Juan Domínguez, 64'), Esnaola, Estrada, Martins, El Haddadi, Sergio Llamas (Capelete, 75'), Urkizu

GOLAK: 1-0: Ñoño (32'); 2-0, Ñoño (73').

EPAILEA: Baiges Dones. Txartel horia: Marcos André , Zubiri, Miguel Santos (Logroñés); Gayoso, Mikel Alonso (Real Union).

Erasoko jokalarien hutsunea nabaritu du Real Unionek Las Gaunasen. Ez da gai izan Logroñes estutzeko. Hasieran ondo irten da berdegunera, hegaletatik arriskua eraginez. 32.minutuan, alabaina, lehen gola sartu du Ñoñok. Kolpeak min egin dio José Luis Riberaren taldeari, eta aurrerantzean, ez du hasierako nagusitasunik izan.

Bigarren zatia kaskarra izan da, bi taldeen partetik. Gola Logroñesek lortu du, ordea, Ñoñok berak, 73.minutuan norgehiagoka erabakiz. Beraz, 36 punturekin jarraitzen du Real Unionek, sailkapeneko 14.tokian, orain. Hurrengo jardunaldian bigarren tokian dagoen Real Sociedad B hartuko du. Aitor Zulaika Unioneko entrenatzaile ohiak zuzentzen du filial txuriurdina.

2018-03-25