Hilabete emango dute San Nikolas zubia ordezkatzeko, proiektua sei urtez luzatu ondoren

Antxeta Irratia 2024ko api. 11a, 16:15

Zubiaren zutabeak mantenduko dituzten bitartean, narriatutako egurra eta erdoildutako burnizko zubiaren zatiak dira ordezkatuko dituztenak. 370.000 euro bideratuko ditu Hondarribiko Udalak aurten 25 urte bete dituen zubia ordezkatzeko, horren beharra zegoela 2018an identifikatu bazen ere.

1999. urtean eraikitako San Nikolas zubia ordezkatzeko lanak hasi dituzte aste honetan. Garabi eta lan ikusgarriek jakinmina piztu dute egunotan, baina Zezen plaza eta Alde Zaharra lotzen dituen pasabidea berritu beharra aspaldi identifikatu zuen Hondarribiko Udalak. Izan ere, zubiaren egurrak hainbat puntutan narriadura eta burnizko egiturak ere erdoila sintomak erakusten zituen. Eta dagoeneko 2018ko kreditu aldaketan udalak zubia egokitzeko azterketa enkargatu zuenetik, luze jo du obra martxan jarri ahal izateko prozesu administratiboa.

Aterabide egokiena zubia bera ordezkatzea zela ondorioztatu eta gero, garaiko EAJ udal gobernuak hainbat urtetan diru partida berbera onartu izan zuen aurreko agintaldian proiektu hau gauzatzeko. Baina agintaldi bukaeran eta pandemiaren ondoko lehengaien garestitze eta inflazioak jota, plieguak onartu eta obra lehiaketara atera zutenean, hau desertu geratu zen. Prozesu administratibo konplexua izan zela aitortu zuen garai hartan, Juan Mari Altuna ‘Txisun’ jeltzaleak. Eta prezioak eguneratuta, lehiaketa publikora atera zuten berriz ere. Ustezko behin betiko deialdira bi enpresa aurkeztu ziren, eta ‘4 Badia Mantentze Zerbitzuak’ enpresari egokitu zitzaizkion orduan Kontratazio Mahaian lan horiek 305.174 euroren truke.

Azkenik, proiektuaren aurrekontua enegarren aldiz egokitu, eta joan den 2023ko abenduan onartu egin zuten 370.000 eurorekin. Eta orain jarri dute martxan. Estitxu Urtizbereak, Hirigintza arloko ordezkariak azaldu duenez, «zubiaren zutabeak mantenduko dira, eta zubia bera da ordezkatuko dutena». Baina zubi berriaren eta zutabeen arteko lotura ondo egitea eta finkatzea da teknikoki garrantzitsuena iraun dezan, eta horregatik luzatuko dira lanak hilabete batez Urtizbereak argitu duenez.

Horrela, astelehenean bertan egokitze lanak egiten hasi ziren, eta asteazkenean egun osoan zehar Harresilanda kalea itxi egin behar izan zuten zubiaren desmontaketa lanak egiteko. Eta iragarri dutenez, pieza berriak instalatuko dituzten egunetan ere, zirkulazioa eten egin beharko dute segurtasuna bermatzeko.