Historia berridazteko mugarria jarri dute Nafarroako azken portuan

Antxeta Irratia 2024ko api. 29a, 11:57

Hondarribia eta Amaiur inoiz baino hurbilago daude. 500 urtez Gaztelaren itzal luzeak estalitako hondarribitarren sustrai nafarrak aldarrikatu dituzte Arma Plazan ospatutako herri-ekimenean. Sinbolismoetatik haratago, udaletxean herri bietako agintariek ofizialdu duten senidetzea, aldiz, «Baztan-Bidasoaren arteko harremanak estutzeko» abiapuntua dela azpimarratu dute. 

Ortzi Alonso Hondarribiko Kultura hautetsiak iragarri zuen bezala, Hondarribia eta Amaiur herrien arteko senidetze ofizialak, instituzionaletik baino, herri nortasunetik du gehiago. «Senidetzea ez da helmuga, zerbaiten abiapuntu baizik», zion zinegotziak. Azken hilabeteetan bi herrien arteko harremanak, ordezkari politikoen hartu-eman, bisitak eta elkarlana sakontzen joan dira, eta larunbatean udaletxean eszenifikatutako ekitaldi ofizialak bere fruituak emango dituelakoan dira. Mugarri hontatik aurrera, urtean zehar eta hemendik aurrera ere, ekimen gehiago antolatzeko asmoa adierazi baitute bi herrien artean. Eta arlo desberdinetan gainera. Adibidez, pilota elkarteen arteko laxoko txapelketa bat antolatuko dute bi herrietako pilotarien artean.

Ekitaldiaren sinbolismoaz haratago, historiako pasarteak gerletako garaileek idazten dituztela gogoratu dute, eta Amaiurgo batailan ere, orain arte horrela izan bada ere, gauzak aldatu direla dio Ixabel Alemanek Amaiurgo auzapezak. Artxibo historikoetan sakonduz, eta ikerketak «eskolan irakatsi izan digutenaren aurrean, Nafarroako Erresuma zer izan zen dagoeneko inork ez du zalantzan jartzen, guttik ukatzen dute», aldarrikatu du. Baina aitortu duenez, «herriarekin pentsatu behar da, historiaren kontakizun hotzetik haratago ere, Amaiurgo gaztelua suntsitu zutenean herriak zer pentsatzen zuen hausnartu, sufrimendu handia eragingo zuela, eta halako ekimenak ere herriarentzat dira azken batean», azpimarratu du.

Bost mende dira Hondarribia Nafar Erresumako azken portua izateari utzi ziola, eta Kemen taldeko ezpata dantzariek lagundurik sartu ziren joan den larunbatean Alde Zaharrera agintariak, udaletxean senidetzea ofizialdu eta Arma Plazan herri-ekimena ospatzeko gero. Bertan Hondarribiko 9 abesbatza eta Amaiurgo Gaztelu koroak elkarrekin abestu zuten, orotara 130 bat abeslari plazan bilduta.

Lehen urrats bat izan da. Lehen mugarria, baina jarraipena izango du. Bitartean, maiatzaren 12a arte “Azken Gaztelua, Azke Portua” erakusketa bisitagarri izango da Arma Plazan.