Birziklapena bultzatzeko BidaSOS 2030 kanpaina bueltan da Irunen

Antxeta Irratia 2024ko api. 29a, 10:28

Hondakin organikoaren bereizketa %55etik %70era igo da orain artean kanpaina egin duten auzoetan. Eta 2030eko birziklatze-tasaren helburuetara heltzeko herritarrak sentsibilizatzeko ekimen honekin jarraituko dute auzoz-auzo. Ekainaren 15era bitartean, Santiago-Beraun, Dunboa, Alde Zaharra, Arbes eta Meakan egingo dute kanpaina.

Joan den udazkenean Irungo hirierdian etxez-etxe egindako BidaSOS 2030 kanpaina eraginkorra dela egiaztatu ahal izan du Txinzerrek. Izan ere, joan den urtean  edukiontzi organikoaren parte hartzea %55etik %70era igo zen kanpaina egin zen auzoetan. Landetxa-Katea, Amute-Kosta, Mendelu eta Irungo erdigunean egin zuten kanpaina. Pasa den udazkenean ere, erdiguneko kanpainari lotuta Luis Marianon informazio puntua ezarri zuten, eta 2.000 bizilagun ingururengana jo zuten Txinzerreko hezitzaileek birziklatze eta organikoaren sailkapenaren garrantziaz informatzera. Eta hala jarraituko dute orain, apirilaren 29tik ekainaren 15era, Santiago-Beraun, Dunboa, Alde Zaharra, Arbes eta Meaka auzoetako 2.652 etxebizitza eta 246 saltoki bisitatzeko helburuarekin.

Leire Zubitur, Txinzerreko kudeatzaileak azaldu duenez, «2030erako Europatik agintzen duten eskualdeko birziklatze-tasa % 70era igotzeko erronkara heltzeko, BidaSOS kanpaina funtsezkoa da». Emaitza positiboak bildu dituztenez, bide horretan sakonduko dute. 2022an atzerakada txiki bat izan eta gero, 2023an abian jarri zuten BidaSOS estrategiari esker eskualdeko batez besteko birziklatze-tasa bi puntu igotzea lortu baitute, %54tik %56ra. Zubiturrek emandako datuen arabera, gaur egun, edukiontzi marroiari dagokion partaidetza-tasa, aldiz, %58,54koa da. Eta horretan indar bat egin nahi dute. Errefuxan amaitzen duen sailkatu gabeko hondakinen parterik handien eta pisutsuena, organikoa baita.

Aurrekoetan bezala, bulego ibiltaria ere kaleko presentzia segurtatuko du maiatzaren 29a arte Jendaro Etxeandi plazan. Eta ondoren ekainaren 15era arte Uztapide Bertsolariaren kalera lekuz aldatuko dute. Bulego onen ordutegia 10:30-14:00 eta 16:30-20:00 artekoa izango da astegunetan, eta larunbatero 9:00etatik 14:00etara.

Txinzerrek iragarri duenez, aipatutako auzoetan kanpaina behin bukatutakoan, uda ondoren beste bi eremutara zabalduko dute BidaSOS kanpaina. Irungo Behobia, Bidasoa, Artia, Larreaundi eta Olaberria, eta Hondarribiko Alde Zaharra eta Portua.