Baratzari buruzko kezkak argituko ditu FurgoBaratzak Puianan ostegun honetan

Antxeta Irratia 2024ko api. 29a, 12:57

Kimubat taldeko FurgoBaratza tailer ibiltariak Irungo Puianako baratze parkean egongo da maiatzaren 2an 18:00etatik 19:30era bertako erabiltzaile zein Bidasoaldeko baratzezainen zalantzak argitzeko prest. Aholkularitza dohakoa da, eta sasoiko landare eta hazien salmenta ere eskainiko dute bertan, ekologikoa lehenetsiz. 

Badira 10 bat urte Kimu Bat taldeak Kutxa Ekogunearekin elkarlanean, baratzegintza ekologikoa sustatzeko FurgoBaratza tailer ibiltaria martxan jarri zuela. Eta dagoeneko 20 baratze parke baino gehiagotan ari dira lanean Gipuzkoa mailan. Irungo Udalak Puiana abian jarri zuen proiektuaren hasieratik eman dute laguntza, bertako erabiltzaileei zuzenean, baina baratzezain orori ere. FurgoBaratza zerbitzu ibiltaria, tutoretza eta produktu ekologikoen salmenta eskaintzeko helburu baitu. Baina aisialdirako baratze eremu publikoetan, herritarren zalantzak argitzen laguntzekoa ere. Astero Gipuzkoako laupabost udalerritan egon ohi dira, eta maiatzaren 2an 18:00etatik 19:30era Irungo Puianako baratze parkearen txanda izango da.

Aurrekoetan Hazi Tailerra edota sasoiaren arabera, Tomate Tailerra ere proposatu izan dute. Oraingoa, aldiz, FurgoBaratzak Gipuzkoako baratza parkeen sarean egin ohi dituen bisita programatuen parte da. Hau da, baratzezaintzan dabilen jendeari laguntzeko, orohar. Aitziber Otegik iragarri duenez, bertara gerturatzen direnek, baratzaren inguruan dituzten dudak argitzeko aukera izango dute, baita landare eta hazi ekologikoak lortzeko aukera ere. Aholkularitza dohainik  da eta bertara edozein erabiltzaile gertura daiteke. Hau da, ez da beharrezkoa baratze parkeko erabiltzaile izatea. Interesa edo laguntza beharra duen oro hurbildu daiteke, baita inguruko herrietako baratzezainak ere.