Balaztak hiri-mugikortasunaren jokabide egokien gida diseinatzeko BiziBilketa antolatu du igandean

Antxeta Irratia 2023ko mai. 12a, 00:00

Oinezko, bizikleta eta auto-gidarien artean eman ohi diren gatazkak sahiesteko jokabide egokien gida osatzeko deia luzatu du Balazta bizikletaren aldeko elkarteak. Igandean (maiatzak 14) Txingudiko Ekoetxean eskualdeko bidegorri-sare eta azpiegituretaz hausnartzeko BiziBilketa jardunaldia antolatu dute 10:00etatik 14:00etara.

 

Ideiak proiektuaren baitan indarrak batu dituzten Balazta, Recyclarte eta Badoa hiri-bizikletaren aldeko eragileek jarduera-sorta antolatu dute udaberri honetan. Txirrindaren erabilera bultzatzeko eta mugikortasun jasangarriari bultzada emateko helburuarekin, tailerrak, ikastaroak eta txangoak antolatu dituzte

 

Joan den asteburuan Irunen ospatutako Bizi Bizi Fest ekimenak izandako arrakastaren ondotik, datozen asteotarako tailerrak, ikastaroak eta txangoak antolatu dituzte, "mugikortasun iraunkorrago baterantz aurrera egiten jarraitzeko”. Maiatzaren 15ean eta 16ean 17:30ean emakumeei zuzendutako ikastaroa proposatzen du Balaztak, Hondarribiko Gernikako Arbolan (euria balitz Soroetako frontoian). Imanol Aguirre, elkarteko kideak azaldu duenez, “emakume heldu askori kosta egiten zaie bizikletan ibiltzen hastea, baina segurtasunez egin daitekeela erakutsi nahi diegu”. Ekainaren 22 eta 29an, eta uztailaren 6, 13 eta 20ean autokonponketa tailerrak ere eskainiko dituzte Hendaiako Intzura industriguneko Lekuered karrikan dagoen Recycl’arte elkartean. Eta maiatzaren 23an eta 30ean Balazta elkarteak ere proposatuko ditu bere Larreaundiko parbulario zaharreko egoitzan.

 

Bestalde, Balazta Nafarroako eragileekin Bizi-Connect proiektuan ere murgilduta dagoenez, ekainaren 10ean, Lesakara txangoa antolatu dute, bide berdetik. Bertan bizikleta festa egingo dute. Oroitarazi beharra dago, Balaztak hainbat ekimen martxan dituela bizikletaren erabilera bultzatu eta jendarteratzeko. Bere tailerreko konponketa eta bizikleta zaharrak berreskuratzeko Bir-Ziklatu izeneko proiektutik hasita, adineko erresidentzietako pertsonei trizikloan paseoak emateko Nagusikleta izenekora, edota Hondarribian eskolara txirrindan joateko BiziBusa ekimena besteak beste.

 

Bizikleta vs autoaren gatazkaz hausnarketa

 

Asteburu honetan, berriz, maiatzaren 14an BIZIBILKETA jardunaldia antolatu dute Plaiaundiko Txingudiko Ekoetxean 10:00etatik 14:00etara. Imanol Aguirrek azaldu digunez, batetik, txirrindularientzat eta auto gidarientzat, gatazkak sahiesteko jokabide egokien gida bat diseinatzea. Eta bestetik, gure eskualdean zehar txirrindan mugitzeko dauden bidegorri-sare eta azpiegituren azterketa bat egitea du helburu. “Herritar oro izan gaitezke txirrindulari, oinezko eta auto-gidari, baina ohartu beharra dugu bestearen egoeraz eta topatzen dituen arriskuetaz, kolektiboen artean sortu ohi diren gatazkak sahiesteko gida osatu nahi dugu”, argitu du Balaztako kideak.

 

Era berean, elkarteak bere webgunean balazta.org eskegita duen eskualdeko azpiegituren diagnostikoa aberasteko, herritarren partehartzeko deia luzatzen die igandeko jardueran ekarpenak eginez.