Euskadin 1994tik basoberritu beharreko 112.000 mendi hektareetan zuhaitz bat ere ez dute landatu

Antxeta Irratia 2023ko mai. 11a, 00:00

Baso Biziak plataformak salatu duenez, «basoa kapitala denez, administrazioa ustiaketa forestalaren beharren aurrean makurtu egiten da basogintza politikak egiterakoan». Eusko Jaurlaritzak plantan emandako 1994-2030 Euskadiko Basogintza Plana kajoi batean gordeta duela diote. Eta 26 urteotan basoberritu behar zituzten “higadura arrisku handiko” lurrak bere horretan jarraitzen dutela.

Zuhaitzen bizialdia epe luzekoa dela kontuan hartuta, eta mendian eskuhartzen denean emaitzak belaunaldietan neurtu behar direla jakinda, 1994-2030 urtealdirako plana aurreikusi zuen Eusko Jaurlaritzak basoen kudeaketari dagokionez. Baserri lurrak ere aintzat hartzen ditu, baita jarduera ekonomiko desberdinek mendietan ere duten eragina. “Positiboki baloratzen dugu plana helburuetan, garai haietan zerbitzu ekosistemikoetaz hitz egiten ez zenean, higadura arriskua duten lurrak identifikatzen zituen, lurjausi arriksuak eta ibaien sistema hidrikoetan basoek duten funtzioa, baina kajoi batean dagoen liburu mardul polit bat besterik ez da”, dio Basobiziak plataformako Edu Zabalak.

Izan ere, garai haietan egindako diagnostikoaren arabera, higadura arrisku handiko 112.000 hektarea basoberritu beharra zegoen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Horietatik 57.000 Gipuzkoan. Baina 26 urte iragan dira, eta asmo handiko plana amaitzeko zazpi urte baizik geratzen ez direnean, “ez dute basoberritzeko zuhaitz bat ere landatu”.

Plataformak salatzen duenez, “administrazio publikoek egurgile eta papergile enpresen beharren arabera edo haiek baldintzatuta egiten dute mendi eta basoen kudeaketa”. Zabalaren ustez, ingurumen irizpideen arabera beharrean, irabazi ekonomikoak eta basoaren ustiaketa lehenesten da beti. “Berdea den guztia ez da basoa, letxugak baratzean bezala mendian pinuak landatzen direnean, monolaborantza da, eta horrek ez dio lurrari deus ematen, kendu edo xurgatu baizik”, argitzen du. Horri 20-30 urtean behin geroz eta makinaria handiagoarekin egiten den egur ustiakuntzarako egin beharreko matarrasa teknika gehitu behar zaiola ohartarazten du. “Lurra agerian geratzen da, eta euriak darama, lurra higatuz eta galduz”, dio.

Natur galera neurtzerik ez dago, baina ekonomikoki ere badu bere eragina, eta datu ofizialak bildu ditu plataformak. Eusko Jaurlaritzak berak aitortu du 1986-2016ra egindako kalkuluen arabera, uholdeetan 457.000 miloi pezeta eta lurjauzi edo ihizien ondorioz 21.500 milioi pezetako galerak eman direla. “Egurgileen irabaziak pribatuak dira, baina galerak gero sektore publikoak hartu behar ditu bere gain”, ohartarazten du.

Zentzu honetan, “basoa kapital bat da, hitza ere gaizki erabiltzen da”, kexu da Zabala. Horren irudiko, Bidasoaldeko mendiak ditugu ere. Natura 2000 Sareko Jaizkibel mendiko gune babestuetan ez ezik, Aiako Harria natur-parkearen barruko eremuetan, udalaren zein diputazioaren jabetzako lurretan, egur ustiaketarako pinu eta alertze landaketak daudela. 20-30 urtean behin matarrasaren bitartez, hutsetik hasi beharreko lurrak izaki.

Horren ordez, Basobiziak plataformak bertako espezieetan oinarritutako baso naturalen aldeko apostua egin dezaten eskatu du Gipuzkoako Batzar Nagusietan.

Gure eskualdean, Aiako Harria babesteko plataforma kiderik ez da oraindik sortua. Jaizkibelen kasuan, berriz, Lezoko Amezti plataforma sortu zuten iaz.