Señora sariketako bigarren kanporaketa Erratzun eginen da

Antxeta Irratia 2023ko mai. 11a, 00:00

Lehen saioan Maddi Ane Txoperena lesakarrak, Maider Arregik eta Eli Zalduak lortu zuten finalerako txartela.

Señora sariketako III. edizioa martxan dago aurten ere. Lehen saioa Bilboko Biran izan zen eta orain, bigarren kanporaketan, Erratzuko Elkartean ospatuko da larunbat honetan, maiatzaren 13an.

Emakume bertsolariak saretzea eta azpiratutako genero identitateak ikusaraztea du helburu Señora sariketak. Aurten, hirugarren edizioa antolatu dute eta dagoeneko lehen kanporaketa ere ospatuko dute. Bilboko Biran egin zuten lehen saioa, pasa den asteburuan, eta bertan Maddi Ane Txoperena lesakarrak, Maider Arregik eta Eli Zalduak lortu zuten finalerako txartela, maiatzaren 27an Oñatin ospatuko dena.

Asteburu honetan berriz, larunbatean (maiatzaren 13an), Erratzun ospatuko dute bigarren kanporaketa. Zehazki, Erratzuko Elkartean eginen da eta Aroa Arrizubieta Barredo, Maddi Sarasua Laskarai, Idoia Granizo Uribarrena, Janire Arrizabalaga Munduate, Eli Pagola Apezetxea eta Iruri Altzerreka Martinez bertsolariak ariko dira kantuan. Gai jartzailea Ane Ezenarro Beristain izanen da.

Saiorako sarrerak salgai daude bertsosarrerak.eus helbidean, baina egunean berean ere erosteko aukera egonen da, zortzi euroen truke. Emanaldiaren ondotik, afaria ere eginen dute elkartean bertan. Txartelak salgai daude Elizondoko Txokoto tabernan eta Erratzuko Zubipuntan, 15 euroan. Menu begetarianoa ere egonen dela jakinarazi dute.