Ate irekien jardunaldiak antolatu ditu kultur elkarte irundarrak. Musikak ahots, entzumen eta garunaren osaketan, edota garapen afektiboan ere, ekartzen dituen onurak nabarmendu ditu Leticia Vergara mezzosoprano eta Ametsako irakasleak. Maiatzaren 12an 0-3 urte bitartekoentzat Heziketa Musikal Goiztiarra proposatuko dute dohainik. Eta 6 urte bitartekoei ere, mende erdiko ibilbidea duen Ametsa Txikiarekin abesteko aukera emango diete maiatzaren 16an.
Leticia Vergara mezzosoprano irundarra, Ametsa abesbatzako kide eta irakaslea ere bada. Eta gurasoei haurren hizkuntza eta bestelako hezkuntza eta eskolaz kanpoko jardueretan bezala, heziketa musikalak duen garrantzia nabarmendu du. “Oso garrantzitsua iruditzen zaigu musikan murgiltzea txikitatik, bere bizitza osoan onurak ekarriko dizkiolako”.
Medikuntza arlotik frogatuta dagoela dio. Izan ere, “burmuina osatzen denean musikak sortzen dituen konexioak, eta musika koralak bereziki, entzumena, arnasketa eta ahotsa zein eztarriaren garapen egokia laguntzen du”, argitzen du Vergarak. Bestalde, gaitasun kognitiboak, psikomotorrak eta afektiboan ere lagun dezake. “Amaren sabelean ere musika entzuteak bere eragina duela esan ohi dute”, oroitarazten du. Horregatik ere, ez da ohiko eskaintza, baina Ametsa abesbatzak 0-3 urte bitarteko haurrei zuzendutako heziketa musikal goiztiarra proposatzen du. Gurasoekin batera txikienen kasuan, eta adinaren arabera haurrak bakarrik ere. Hau dohainik probatzeko aukera izango du bidasotar orok maiatzaren 12an, ostiralarekin, 17:30etan abesbatzaren egoitzan (Irungo Santiagoko frontoiaren aldamenean, Dunboa kanalean bertan). Eta 18:30etan, aldiz, 4-7 urte bitarteko haurrei zuzendutako musika eta koro ikastaroa proposatuko dute.
Maiatzaren 16an, berriz, Ametsa Txikia koruaren ohiko entseguan parte hartzeko aukera emango dute 18:30etik 19:30era. Ametsa abesbatza kultur elkartea 1957 urteaz geroztik lanean darama, eta Ametsa Txikiaren kasuan iaz 50 urte bete zituen bere asteroko koru entseguekin.