ELA sindikatuak iragarri du udal lorazainen greba deialdia bere horretan mantentzen duela. Maiatzaren 15etik 28ra greba deialdia luzatu dute ELAI Serbitzuak azpikontratako langileek, hauteskunde kanpaina bete-betean.
Hitzarmen estatala aplikatzen zaie Hondarribiko udal lorazainei gaur egun. Udalak hobekuntza faktorea onartu bazuen ere, inguruko udalerriekin alderatuta arrakala pairatzen dute Hondarribikoek. Hitzarmen propioa duten Irungo lorzainekin alderatuta, adibidez, 300 euro gutxiagoko ordainsaria dute, eta orohar, udaleko langileak baino 108 ordu gehiago lan egiten dituzte urtean.
Hau dela eta, Hondarribiko lorategi eta hiriguneko zuhaitzen kudeaketa daraman ELAI enpresak, Hondarribiko Udala esleitutako kontratua 2024 urtean amaituko bada ere, ELA sindikatuak aurkeztutako plataforman hurrengo lehiaketarako baldintza-plieguetan eragingo duten klausulak negoziatu nahi ditu. “Betiere kontuan hartuta, ez dugula hitzarmen estatal baten menpe egon nahi”, argitu du ELAko Xabier Etxanizek.
Enpresarekin negoziatzen saiatu dira udaz geroztik, eta joan den martxoan 3 eguneko grebaldia egin ondotik ere, ez dute orain artean hitzarmen propioa negoziatzerik izan.