Hondarribiko Udalak antolatu zuen azken Alardearen ordenantza oinarri hartuta, 27 orrialdetan bildutako araudi berriaren proposamen irekia aurkeztu berri du EH Bilduren Lantalde Feministak. Urtebeteko hausnarketa prozesu baten ondotik, “orain araudi hori denon artean fintzea eskaintzen” diote herriari.
Hondarribiko EH Bilduk hitzaldi irekia antolatu zuen atzo Kultur Etxean alardearen gatazka gainditzeko proposamen irekia aurkezteko. Euren Lantalde Feministak 2022ko irailan alardearen ostean abiatutako hausnarketa prozesuaren aurkezpena egin zuen jendaurrean. Xabier Bengoetxea EH Bilduko kideak Antxeta Irratian azaldu duenez, alardea “oso modu prekarioan antolatu” zela ikusita hartu zuten deliberoa. “Fundacion en formacion delako erakunde batek antolatzen zuela ikusita, juridikoki bere arazoak dituen horrek, guk segurtasun bat nahi genuen eskaini”, dio Bengoetxeak.
Alarde Publikoaren araudi berria
Horretarako “alardea publiko egingo duen tresna edo plataforma” baten beharra ikusi zuten. Oinarrian, 90. hamarkadan Hondarribiko Udalak alardea antolatzeko erabili zuen azken ordenatza publikoa aintzat hartu dute, eta hortik abiatuta araudi berri bat landu dute hilabeteotan guztietan. Apirilerako borobildua zutela eta mozio bidez udalbatzan onartuta 2023ko alardea udalak antolatzeko aukera emango luke, baina 87 artikulo eta 27 orrialdeko txosten mardula herritar eta eragileekin modu partehartzailean adostu nahi dutela dio EH Bilduko Lantalde Feministak. “Ez dugu kontraesanik sortu nahi herrian, orain araudi hori denon artean fintzea eskaintzen diogu herriari”, argitu du Bengoetxeak.
Araudiaren proposamena laburbiltzea zaila bada ere, iragarri duenez, “Agintarien Juntan alkatea txertatuko litzake, eta burgomaisua hautatzeko eskumena berreskuratuko luke honek. Araudiak aldatzeko ere, udalbatzak onartu beharko luke adibidez”, iragarri du aitortuz aldi berean, ez dutela hankazgora jarri nahi alardea. “Baina Jaizkibel beste konpainia bat bezala txertatua dago”.
Isiltasunaren Legea apurtzeko garaia
Nolanahi ere, emandako urratsa garrantzitsua dela uste du koalizio abertzaleak. Gaia eztabaida publikora eraman dutelako. Bengoetxeak dioenez, “Omertà edo Isiltasunaren Legea barreiatzen saiatu da Alarde Fundazio gisa bere burua izendatu duen erakundeak orain arte, eta askotan alardeaz hitz egiterakoaninguruan begiratzen dugu nork entzuten gaituen ikusteko, baina bada garaia tentsioak baretzeko”.
Zentzu honetan, konpainietako jende asko eta asko dagoela dio “ez duela inolako problemarik emakumeen partehartzearekin edota antolaketa publikoarekin”. Eta landutako proposamena, instituzioetatik presio eman eta aldaketa eragiteko tresna izan daitekeelakoan dago.