Irungo Udal Gobernuak haien eskaerari uko egin ondotik, hondeamakinak Aduana kaleko pabiloia eraistera sartzen ez diren bitartean itxaropena mantentzen dute elkarte memorialistek. Zutik irauten duen Gipuzkoako kontzentrazio-esparru frankista bakarra ('Pequeña Velocidad') babestu eta memoria gune bilakatzeko lanean jarraituko dute berandu izan baino lehen.
Joan den astean Jose Antonio Santano alkateak, Irungo Avenida Zubia memoria gune bilakatzeko eskaera luzatu dio Espainiako Gobernuari, Memoria Demokratikoaren Lege berria aintzat hartuta. Honek ezinegona sortu du udal gobernu koalizioan. Bistan denez, Santi Jimenez (Ezker Anitza) Memoria Historikoko udal ordezkariarekin partekatu gabe egin baitzuen alkateak eskaera, azken honek "erabakia begirunez hartuta ere", bere sare sozialetan salatu zuenez.
Aldiz, memoria historikoaren hari beretik, udal gobernu koalizioak agintaldiko azken udalbatzan hartutako erabakiak ere, narriadura ekarri du Irungo elkarte memorialistekin duen harremanetan. PSE-EE/Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza udal gobernu koalizioak 'Pequeña Velocidad' pabiloia, kontzentrazio-esparru frankista izan zena, babesteko elkarte memorialistek aurkeztutako eskaerari uko egin baitzioten. Mozio alternatiboa aurkeztu zuten, "inolaz ere eraikina babesteko borondaterik azaldu gabe", diote elkarteetako ordezkariek, "eta gobernuak iragarri duen hiriko memoria gune batean, eraikinaren zati ala ikur sinbolikoren bat salbatzeko edo gordetzeko konpromisioarekin", besterik ez.
Milaka errepresaliaturen oroimenari zor
Paueko Unibertsitateko ikerlarien arabera, 1939-1942 urteen artean, Irundik 98.000 pertsona sartu ziren. Izan ere, Leon Blum Frantziako ezker gobernuko buruak frankisten mehatxutik ihes egindako jende oldeari ongi etorria eman zien hasieran, baina 1938ko martxoan Édouard Daladier erradikala egin zen gobernuaren kargu, eta frankismoak gerra irabazita, Argelès-sur-Mer, Saint Cyprien eta Le Barcarès herrietako hondartzetan ireki zituen «barneratze» esparruetan giltzapetu zituen errepublikar asko. Baita ondoko Rivesaltes, Agde, Bram, Septfonds, Le Vernet, eta euskaldun gehienek Gurs esparrura joan behar izan zuten, Pirinioetako departamenduan.
Ondoren, II. Mundu Gerrara joateko aukera eman zien Frantziak, edota onenean atzerrira jo eta erbestea betikotzeaz gain (hala egin zuten 25.000 errepublikano Mexikora, Txilera, Argentinara edo Venezuelara), alternatiba Espainia frankistara itzultzea zuten errepresaliatuak izateko arriskuarekin. Eszenatoki hartan, Irunen frankismoak baliatu zituen bost kontzentrazio-esparruetatik bakarra da zutik mantentzen dena.
Marijo Nogues, Nicolas Gerendiain elkarteko kideak dioenez, "oso eraikin garrantzitsua da, gerra zibilaren ondotik Frantziako erbestetik itzuleran zetozen gutxienez 4.000 errepublikar, sozialista, abertzale eta komunista errepresaliatu zituzten pabiloi horretan beste kontzentrazio-esparru edo kartzeletara eraman bitartean". Halere, ziur daude irundarren %1ak ere ez duela pabilioi honen berririk.
Juan Mari Arrozpide, Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteko kideak dioenez, "erregimenaren ahanzturan erori zen, eta errepresaliatu haien memoriari zor diogu horren berri eman, eta Pequeña Velocidad zer izan zen gizarteratzea". Agintarien erantzukizuna da haien sutetan pabilioiaren eraistea gelditzea. Baina jakina den bezala, ADIF erakundearen lur-eremuetan dago, eta Via Irun proiektuaren baitan tren geltokia Aduana kalearekin lotzeko eraikiko duten pasabidea gainetik igarotzen da.
Erlojupeko lege babesa
Hau babestu eta memoria gune bilakatzeko eskaera egin zuten iada Kepa Ordoki elkarteko kideek 2022ko urrian, Via Irun plan bereziaren hasierako onarpeneko udalbatzan. Oraingo honetan urtebeteko moratoria eskatu dute Nicolas Gerendiain elkarte errepublikarrarekin batera, Madrilgo Memoria Demokratikoaren Lege berria Euskadin onartu bitartean. "Ekainean onartuko da legea Gasteizen, eta horren arabera katalogatuko dituzte Euskadiko memoria gune eta balio handiko eraikinak", dio Arrozpidek.
Baina legea onartu orduko Pequeña Velocidad eraitsi dezaketelaren beldur dira. Erlojupeko lasterketa horretan, Memoria Demokratikoaren Lege berriak babes handiagoa eskainiko zuela pentsatzen zuten. Eta gehiago Irungo Udalak babes horren alde egingo zuela espero zuten, Madrilgo gobernuaren leinu politiko berekoa dela kontuan hartuta. Gainera, Via Irun proiektuarekin bateragarria delakoan daude elkarteko kideak, "pasarelaren proiektua moldatu eta tren geltoki berriaren bueltan proiektua aberastuko luke", diote. "Zaila egiten zaigu ulertzea, nolatan PSE eta Podemos-ek erabaki dezaketen horrelako zerbait", dio Arrozpidek.
Baina ADIF erakundearen jabetzakoa izanik udalaren eskumenetik kanpo dagoela argudiatuta ere, Aduana kalean, Aduana eraikin zaharraren aldamenean dagoen uralitazko teilatua duen pabilioia zutik dagoen bitartean, ez dute itxaropena galtzen. Halere, azkenean "Pequeña Velocidad eraitsiko badute, Santano eskabadora batean eta David Nuño bestean irudikatzen ditut", dio Arrozpidek.