Mediku eta espezialista falta, espazio zahar eta eskaxak eta, itxaron-zerrenda luzeen ondorioz, atzerapen diagnostiko larriak ematen ari direla salatu du Osasun Bidasoa plataformak enegarren mobilizazioan.
Osasun zerbitzuen gainbehera, 20 urteotako inbertsio eta aurreikuspen faltaren ondorio dela diote. 30 urteotan Irun-Hondarribiak 80.000 biztanleen langa gainditu du, gizartea zahartuz doa, eta mugako eskualdea izanik, 4.000 mugazgaindiko langileri ere zerbitzu ematen diete gaur egun. Eta Bortzirietako 9.000 herritarrentzako Bidasoa ospitalea da erreferentziazkoa. Eta horri aurre egiteko 90. hamarkadako azpiegitura berberak mantentzen dituztela leporatu diete agintariei. Izan ere, 90. hamarkadakoak dira ospitalea eta Dunboako anbulategia. Eta 1954. urtean eraikitako Erdiguneko lehen arreta zentroa ere "zaharra eta eskaxa" geratu da, Osakidetzako anbulategien artean paziente gehien artatzen dituena dela kontuan hartuta, 38.000 inguru.
"Osasun zentro eskaxak eta zaharrak, mediku eta espezialista falta, eta horren ondorioz, hilabeteetako itxaron-zerrendak eta diagnostiko atzerapen larriak" ematen ari direla salatzen du Osasun Bidasoa Plataformak. Hala, garai batean zerbitzu publikoen izarra zen Osakidetzan, osasun langileen lan baldintzak okertu diren heinean, medikuek ihes egin dute. Arantza Calvo, Irungo famili-medikuak bere 26 urteko eskarmentutik aitortzen du lan baldintzak okertzen joan direla. "Espazio gutxi dagoenez medikuek partekatu beharra dugu, agenda betetzen doa, itxaron-zerrendak luzatzen, eta lan baldintza horiekin batzuk joatea erabakitzen dute", argitzen du.
Premia gorria
Horri lehenbailehen aurregiteko, lan baldintza duinetan mediku eta osasun langile gehiago kontratazeaz gain, Irungo Udalak erreserbatua duen Oinaurreko lursailan anbulategi berri bat eraiki dezan galdegiten diote Eusko Jaurlaritzari. Maria Lopetegui eta Arantza Calvo, Dunboako famili-medikuek diotenez, hiru urteko epean egingarria da. "Guk ez dugu eztabaidatzen non eta zer egin behar den, baina gaur egungo beharrei lehenbailehen erantzuteko aukera azkarrena da, eta gaur egun lehen arreta zerbitzuak deszentralizatu eta herritarren auzoetatik hurbilen eskaintzeko irizpidea da nagusitzen ari dena".
Bidasoa ospitaleko berritze proiektua haiekin adostu dezaten ere galdegiten dute. Baina Maria Lopetegi mediku eta plataformako kideak dioenez, bilera eskaerari uko egiten die euskal gobernuak. Nolanahi ere, ebakuntza-gelak ospitaleko bigarren solairuan egokitzeko proiektua ez dute begirunez hartzen. "Espazio falta dagoela kontuan hartuta, zerbitzu gehiago leku berean eskaini beharrean, eraikin anexo bat behar-beharrezkoa da", dio Calvok.