Pello Apezetxearen omenez beka deialdia egin dute lehen aldiz Bortzirietako Euskara Mankomunitatean

Antxeta Irratia 2023ko mai. 9a, 00:00

Euskaltzaindiarekin batera sinatutako akordio baten ondorioz sortu dute beka hau eta bere helburua euskararen inguruan ikertzea izanen da.

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, Euskaltzaindiarekin elkarlanean, Pello Apezetxea Zubiri zenaren omenez beka deialdia egin dute lehen aldiz. Bekak bi helburu nagusi ditu. Batetik, Apezetxea bera omentzea eta bertzetik, euskararen inguruko ikerketa bat bultzatzea.

Euskararen hiru arlo proposatzen dituzte beka aitzinera eramateko: soziolinguista, dialektologia eta onomastika. Hiru gai horietako bat lantzen dituen ikerketaren baten lagina entregatu beharko da deialdira, bakarka nahiz taldeka. Maiatzaren 31a arte egonen da irekita epea eta gero, epaimahaik batek erabakiko du zein proposamenek irabazten duen 7.000 euroko beka.

Behin bekaren irabazlea erabakita, zortzi hilabeteko epea izanen du honek lana gauzatzeko. Eskaerak Bortzirietako webgunearen bitartez egin beharko dira. Informazio gehiago nahi izanen gero, bertan ere izanen da eskuragarri: www.bortziriak.eus.

Patri Arburua Bortzirietako euskara teknikariak eman dizkigu xehetasun gehiago.