Etxara, Xabatu, Malotia… arrantza eta itsasoari lotutako hondarbitar hitzekin izendatutako garagardo aparra azkar hedatzen ari da Hondarribitik Bidasoa osora. HIGER BEER proiektua «xumeki eta kasualidadez» abiatu bazen ere, Josu Peñak etxean ekoizten zituen auto-kontsumorako 20 litroak bidasotar ororentzako 7.000 litroren langa gainditu du urtebetean, sariak bilduz bidean.
Larunbata honetan (maiatzak 6), Higer Beer garagardo artisau markak bere hiru garagardoen dastaketa ‘Kata Berezia’ antolatu du Irungo Antzaran plazan dagoen Boulevard tabernan 18:30etan. Lazkaoko Oreka okindegi ekologikoak ekoitzitako arto, intxaur eta sesamo ogi ekologikoekin, eta Bizkaia, Gipuzkoa eta Iratiko gaztekin batera aparteko maridajea proposatzen dute 5 eurotan.
Xabatu (DIPA), Etxara (American IPA) eta joan den astean kaleratu berri duten euren hirugarren garagardoa ere, Malotia (Session IPA) izenekoak dastatzera emango dituzte. Diotenez, “alkohol graduazio apalagokoa da Malotia, eta uda garaian errazago edatekoa”. Nolanahi ere, kalitatezko garagardoa den heinean, botilan merkaturatuta ere, kopan edan daitekeela defendatzen dute ardo onen antzera.
Halere, kañerotik zein botilan ere dastatu daiteke dagoeneko Hondarribiko dozena bat tabernatan eta Olagarro edo Psilocybe elkartetan adibidez. Izan ere, urtebetean garapen azkarra izan du proiektuak. Eta Irunen edo Donostian ere banatzen hasiak dira. Hainbestekoa izan da arrakasta, non Etxara izeneko garagardoa 400 garagardo eta 60 garagardogile artisauen artean, 2022ko Espainiako Artisau Garagardo Txapelketan zilarrezko domina eskuratu zuen American IPA kategorian. “Aurkezteagatik egin genuen, ea zer gertatzen zen, baina bigarren postuaren berri jaso genuenean ezin genuen sinetsi”, dio Iosu Peñak, Higer Beer-eko sortzaileak.
Hondarribiko garagardoa da. Eta garagardogileak harro daude. Horregatik ere, arrantza eta itsasoari lotutako hondarbitar hitzekin izendatu dituzte garagardo errezeta desberdinak.