Kontsumo ohitura txarrek sorrarazten dituzten hondakinetaz sentsibilizazio saioak egin eta gero, Egiluzeko DBHko ikasleek Hondarribiko hondartza garbituko dute maiatzaren 6ean, SurfRider Fundazioarekin elkarlanean.
Nahi duen orok bat egin dezake. Izan ere, ikasleentzako garbiketaren ekintza ere boluntarioa izango da. Baina irakasleen ustetan, beharrezkoa da, “gazteak eta helduak ere ez baitaude konzientizatuak”. Egoitz Alcarazek, Egiluze ikastetxeko DBHko zuzendariak dioenez, estatistiken arabera kalera jaurtitzen ditugun hondakinen %85a inguru itsasoan amaitzen du. Parte txiki bat baizik ez du honek kostaldera itzultzen. Izan ere, AZTIk egindako azterketen arabera itsasoan dauden hondakinen %70a hondoan amaitzen du betirako. Halere, “hondartza joaten garenean garbia dagoela dirudi, eta udan makinak pasatzen dituzte garbitzeko, baina ondo begiratuz gero zikinkeria pila dago, eta plastiko txiki asko”, dio Alcarazek.
Hortaz jabetu daitezen ‘DesIkasi’ ekimena abian jarri dute ikastetxean aurten. Berez, programa zabalagoa da. Ohitura txar edo uste okerrak aldatzeko xedez, ikasturte hasieran dibertsitate sexuala landu zuten. Eta orain kontsumo jasangarria. Aste honetan SurfRider Foundationeko kideak pasa dira sentsibilizazio saioak egitera eskolan orduetan. Baina zuzendariak dioenez, “klase formaletik harago joan nahi dugu, eta klasetik kanpo ekimen praktikoekin ikas dezatela”. Azken urteetan eskolan bertan hamaiketako osasuntsu eta jasangarriak bultzatzen saiatu dira. Hainbat ekimen egin dituzte Egiluzen erabilera bakarreko poltsak etabar sahiesteko. Baina oraingoan, kontsumo ez jasangarriak eragiten dituen hondakin kopurua, eta ingurumenean duen eragina bertatik-bertara ikusi eta ikasteko, hura bildu eta hondartza garbitzea pentsatu dute.
Dena prest dute, larunbata honetan, goizeko 10:00etan hondartzako ordularian hitzordua eman dute. Eta ikasleak ez ezik, haien gurasoek, irakasleek eta nahi duen orori gonbidapena luzatzen diote.