Gutxienez 88 haur itxaron-zerrendan daude, eta familiek iaz haurrik kanpoan gera ez dadin egindako eskaerari, udalak entzungor egin duela salatzen dute. Maria Serrano zinegotziak "gurasoen haserrea justifikatua" dagoela aitortu du "uda ezin antolatu dabiltzalako oraindik". Baina bere ustez, 5-12 urteko 1.000 haurrentzako 220 plaza nahikoak dira, eta Talaia-Bordarin espazio gehiagorik ez dagoela argitu du.
Udaleku irekien harira gatazka piztu da. 'Hondarribiko Familiak' gisa identifikatzen den kolektiboak UdaJolas-en ume asko plazarik gabe geratu daitezkeela ikusita, Hondarribiko Udalaren webgunean 'Herritarren Postontzia'n kexua masiboki aurkezteko deia luzatu du. Horretarako, euren eskaerak biltzen dituen idatzi bat ere hedatu da bolo-bolo apirilaren 27an.
Herrian bizi diren 5 eta 12 urte bitarteko 1.000 haur ingururentzat, UdaJolas izeneko udaleku irekia antolatzen du udalak. Eta honek haserrea eta eztabaida piztu du Hondarribiko familien artean. Udalak 220 plaza eskaini ditu aurten UdaJolas programan, iaz baino 20 gehiago dira. Baina eskaintza publikoa izanik, "herriko familia guztien beharrak asetu beharko lituzke" haien ustetan. Iaz egoera beretsua eman zelarik, udalarekin harremanetan jarri zirela diote, "baina bistan da entzungorrarena egin dutela".
June Solis, kolektibo hontako bozeramaleak Antxeta Irratian azaldu duenez, "zerbitzua ona da eta ongi funtzionatzen du, horregatik harrera ona du herritarren aldetik". Baina aurten ohartu dira haur asko kanpoan geratu direla. Datu ofizialen faltan, itxaron-zerrendan dauden gurasoen artean baieztatu ahal izan dute 88 haur behin-betiko izen-ematearen esperoan direla, uko egingo dituztenen plazak eskuratzeko itxaropenez. Gurasoen ustetan, "herritarrentzako zerbitzu bat izanda, Hondarribiko haurren gehiengo baten beharrei erantzun beharko liekela". Jendea "nazkatuta" dagoela dio Junek, aurreko urteetan ere gauza berbera gertatu izan delako, eta udalari iradokizun eta kexuak helarazi bazaizkio ere "begibistan da udala entzungorrarena egin duela, eta eskatzen duguna oso sinplea da, plaza gehiago eskaini ditzatela, eskaera egiten duen haurrik kanpoan gera ez dadin".
Idatzian bertan azaltzen dutenez, 10.300 biztanle dituen Oiartzungo Udalak, adibidez, 400 plaza eskaintzen dituen bitartean, Hondarribiak 220 ditu aurten, 17.000 biztanlerekin.
Udala eredua aztertzeko prest
Agerikoa da, udako haurren oporraldietan, lana eta familia egunerokoan uztartzea, hau da, konziliazio familiarra buruhauste eta kezka nagusia bilakatzen dela askorentzat. Eta aurreikuspenez antolatu beharra dagoela. Hori dela eta, Maria Serrano, Gazteria eta Hezkuntza udal ordezkariak aitortu du "uda oraindik ere antolatu ezinean dabiltzatenen kasuan, haien ikuspegitik haserrealdia justifikatuta dagoela". Antxeta Irratiaren galderei erantzunez, aldiz, UdaJolas programak dituen mugak azaldu ditu. "Gauza guztiak jarri behar dira mahaigainean", dio Serranok, "Talaia-Bordarin egiten da UdaJolas, eta begiraleekin 10eko taldeetan aurrera eramateko bere espazio mugak ditu". Oroitarazi du Biteri eskolan Uda Abentura programa egiten dela koxkorragoentzat.
Halere, ukatu egin du haur asko plazarik gabe geratu ohi direnik. Aldez aurreko izen-ematea "badaezpada" egiten duten asko badira, eta bere ustetan herrian elkarteen eskutik edo kiroldegian bertan udako aisialdi eskaintza zabala denez, gero uko egin ohi diote UdaJolas plazari. Aurreko urteetan hala gertatu dela dio, eta aurten ere maiatzaren 10ean behin-betiko epea amaitutakoan 80 bat haur horien gehiengo batek plaza eskuratuko duela iragarri du. Halere, lekurik gabe gera daitezkeenen egoera ulertzen duela dio: "ama naiz, eta badakit zer den uda antolatzea, eta agian gogoeta egin beharko dugu udalekuen ereduari buruz", aitortu du.
Zentzu honetan, udaleku irekien plazak banatzeko sistema ere konplikatua dela onartu du zinegotzi jeltzaleak, izena ematen dutenei konpromiso minimo bat galdegiteko beharraz galdetuta. Izan ere, "badaezpada" izena ematen duten eta ondoren euren plaza baieztatuko ez dutenek, maiatza bitartean luzatzen dute itxaron-zerrendan daudenen planifikazioa.
Irizpide sozial eskaxak
Zenbait guraso kexu dira ere, zerbitzu publiko honen kasuan irizpide edo klausula sozial eskaxak dituela. Familia dibertsitatea eta egoera ekonomikoa ez baitute kontuan hartzen. "Inguruko udalerrietan bezalaxe, udalekuan apuntatutako bigarren seme-alabak deskontua du, eta RGIa kobratzen duten familia zaurgarriek ere Gizarte Zerbitzuen irizpideen bitartez", dio Serranok. Era berean, ezgaitasun fisikoren bat edo laguntza behar duten haurrentzako begirale berezituak kontratatzen dituzte. Halere, familia ugarientzat edo ama zein aita bakarrak direnentzako, edota RGIaz haratago, diru-iturrien araberako irizpiderik ez dituzte aintzat hartzen.