Urruñako herriko etxearekin hitzarmena izenpetu dute, Aisialdi Zentro ondoko lur batean euren proiektua egurrezko egituretan kokatzeko. Maiatzaren 6ean Tatuaje Eguna antolatu dute 2019an sortutako eskola aktiboaren proiektua ekonomikoki sustengatzeko.
Urruñako Erlaitza Eskola Aktiboaren proiektu berriari buruz mintzatu ginen joan den udazkenean. Azken bi urteotako egoitzaren alokairuaren kariotzeari aurre egin ezinik zebiltzatela, egoitza berri baten seka ari ziren, ama eskolako zein lehen mailako 23 haurrendako. Erronka potoloa zuten, jakinik, eskolako gurasoek hartzen dituztela bere gain eskolaren gastu guztiak. Baina oztopo guzien gaindi, proiektua aurrera doa. Eta pedagogia eraldatzailea, emozioen harrera eta komunikazio ez bortitza erabiltzen duen eskolak lur eremu berria du orain. Urruñako herriko etxearekin hitzamena izenpetu dute, aisialdi zentro ondoko lur batean proiektua kokatzeko.
Adelaide Darraspe, eskolako presidentak aipatu digunez, 2019an proiektua sortu zutenetik gora-behera handiak izan dituzte. Baina oraingoan proiektua sendotzeko aukera emango die egoitza berriak. Halere, eskolaren gastu guztiak gurasoek estali behar dituztela ikusirik, hainbat ekimen antolatu ohi dituzte ikasturtean zehar dirua biltzeko. Hurrengoa, maiatzaren 6ean izango da. 'Flash day' edo Tatuatze Eguna antolatu dute maiatzaren 6an Donibane Lohitzunen. Eskolako hiru guraso, tatuatzaile profesionalak dira, eta diseinu esklusiboak proposatuko dituzte. Hitzordua goizeko 11.00etan Donibane Lohitzuneko Urdazubi plaza 18 zenbakian kokatua dagoen “La barbue” tatuatze dendan iragango da.
Aitzinetik, aldiz, euren egoitza berriko aurreneko yurta estreinatuko dute zenbait ikaslek maiatzaren 2an bertan. Eskola berria atontzen joango diren heinean zabalduko dituzte ikasgela edo gune berriak. Eta heldu den iraileko eskola sartzerako osoki martxan egongo direla aurreikusten dute.