Etorkizuneko tropelak Bidasoa ibaiak bustitzen dituen herri guztiak zeharkatuko ditu maiatzaren 4tik 6ra

Antxeta Irratia 2023ko api. 27a, 00:00

Euskal Herriko eta atzerriko txirrindularitzaren geroaren erakuslehio bada ere, Bidasoako Itzuliaren 49. edizioaren antolaketa ezbaian egon da otsailan babesleak lotu dituen arte. Aurten Bidasoaldea, Bortziriak eta Baztan lotuko ditu hiru egunez.

Atzo aurkeztu zuten Hondarribian, maiatzaren 4tik 6ra ospatuko den Bidasoako Txirrundulari Itzulia. Bidasoa ibaiak bustitzen dituen herri ia guztietatik iragango da oraingo honetan. Izan ere, bigarren etapan Baztango herri guzietatik pasako da, 2004az geroztik ez zela bertara hurbiltzen.

49. edizioa du itzuliak, eta 23 urtez azpiko txirrundularientzako nazioarteko proba garrantzitsua izanik, Nafarroako Itzulia eta Essor Basque probekin batera, Euskal Herrian mantentzen den bakarra da. Atzerriko hiru txirrindulari taldek parte hartuko dute, eta orotara 119 txirrindularik, horietariko asko Bidasoaldekoak. Inoizko parte-hartze kopururik altuena.

Harrobia zaindu beharra

Halere, antolatzaileek gorriak ikusi dituzte aurten ere, eta azken momentu arte zalantzan izan da ospatuko zenik ere. Antxon Mendia itzuliaren arduradunak aitortu duenez, "otsaila erditsuraino dena zintzilik zegoen eta oso zaila ikusten genuen, baina azkenean babesleak lotu ahal izan ditugu". Hala, txirrindularitza proba mantentzea lortu dute, eta atzo Hondarribian aurkezpen ekitaldi handia egin zuten, axola handiko kirol froga delakoan.

Abraham Olano, federazioko presidentea pozik azaldu da antolatu ahal izan delako. Baina babesle eta agintariei deia egin die, Frantziako Tourra Euskal Herritik pasako den urtean, nekez antolatu ahal izan dutelako etorkizuneko tropela osatuko dutenen erakuslehio hau. "Txirrindulari profesionalak ikustea maite dugu, baina ez gara ohartzen, gazteak direla etorkizuneko tropela, eta ez badugu harrobia lantzen eta halako erakusleihoak zaila izango da", argitu du Antxeta Irratian.

Lasterketak hiru etapa izango ditu, Irun (Urdanibia Plaza) - Hondarribia (Kale Nagusia) Jaizkibel mendi igoaz, etapara erregina izango den Hendaia - Bagordi (Baztan), Baztandar Txinrrudulari Elkartearen 30 urteei keinua eginez, Baztango herri guzietatik iragango dela, eta hirugarren etapa, Irun-Irun, Colon ibilbidean helmugarekin.