Irungo autobus-sarea herritarren beharretara egokitzeko urrats bat gehiago emango du

Antxeta Irratia 2023ko api. 27a, 00:00

Elitxu-Erdigunea-Mendibil lotuko dituen L5 autobus linea berria izango da berritasun nagusia. Autobus elektriko berriak eta Gautxoria ordu erdiroko maiztasuna dira gainerako hobekuntzen artean. EH Bilduk, aldiz, ibilbideak aztertu eta intermodalitatea ahalbidetzeko neurriak eskatu ditu.

Ostiral hontako Irungo udal osoko bilkuran datozen 4 urteetarako IrunBus autobus kontratu berria onartzera emango dute. Urtean 2,7 milioi euro bideratuko ditu udalak. Eta gaur egungo zerbitzuen azterketa sakona egin eta auzo elkarteekin eta bestelako eragileekin izandako hartu-emanetan jasotako eskaerak kontuan hartuta, hainbat hobekuntza ekarriko dituela iragarri du Borja Olazabalek, Mugikortasunerako udal ordezkariak. Berritasun nagusia L5 linea berria izango da.

Fermin Calberoneko geltoki nagusitik abiatuta, Elitxu, erdigunea, Mendibil eta Ficoba lotuko ditu. Arloko teknikariak azaldu duenez, ohiko ibilbide zirkularra egin beharrean, 8 moduko zirkuito bat pentsatu dute eraginkorragoa izateko. Olazabalek gaineratu duenez, "autobusa hartzen duenak ez du ibilbide osoa egin beharko, geltoki egokia aukeratuz gero, Elitxutik edo Mendiletik erdigunera eta itzulia egin ahal izango da". Mendibilen kasuan, bizilagunen eskaerari erantzunez antolatu dute zerbitzu berria "auzo malkartsua eta adindua" dela kontuan hartuta. Eta Geltokia adineko erresidentziaren aurrean izango du.

Halere, ibilbidea ez da hor amaituko. Ficobara hurbilduko baita (Stadium Galeko biribilguneraino) azoka egunetan zein Real Unioneko partida egunetan ere, lanzadera funtzioa bete dezan. Zerbitzu tamaina ertaineko autobusekin egingo dute, gaur egun L2 linea osatzen dutenen gisakoa. Nolanahi ere, kontratua onartu eta esleitzeaz gain, egin beharreko egokitzapenak kontuan hartuta, 2024ko urtarrilean jarriko dute zerbitzua martxan.

Hobekuntza gehiago

Dena dela, kontratu berriak hobekuntza gehiago ekarriko ditu. Udalak iragarria zuen bezala, Next Generation Europako funtsari esker diruztatutako 4 autobus elektriko berri martxan jarriko ditu. "Hauei esker, Irungo autobusen %90a elektrikoa izango da dagoeneko", nabarmendu du Olazabalek.

Bestalde, gainerako lineatako hobekuntza zehatzak ez ezik, Gautxoria ere bikoiztu egingo dute, eta ordu erdiroko maiztasuna izango du. Eta erabiltzaileen eskaera bati erantzunez, Mugi txartelarekin edota eskudirutan ez ezik, bidaiariek txartel bidezko ordainketa egiteko gailuak ere ezarriko dituzte.

Bestalde, 2023ko lehen hilabeteotan 2019ko autobus bidaiarien inoizko markarik hoberena hobetzen ari da IrunBus. Urte hartako epe berean baino %8 bidaiari gehiago. Pandemiaren ondorioz nabarmen apaldu zen IrunBuseko erabiltzaile kopurua, baina iaz dagoeneko 1.564.396 bidaiari jaso zituzten.

EH Bilduren proposamenak

Zentzu honetan, EH Bildu udal taldeak baikorki baloratu ditu kontratu berriak ekarriko dituen hobekuntzak. Baina Bidasoko eskualdean garraio publiko azkarra eta

eraginkorra bermatzeko neurri gehiago aldarrikatu ditu. Ane Unanue Gutierrez hautetsiak azaldu duenez, "Irungo zein Bidasoko autobus linea guztien ordutegiak eta ibilbideak aztertu behar dira, eta birdefinitu, intermodalitatea ahalbidetzeko".

Bestalde, Irunbuseko zerbitzuen maiztasunak handitzea eskatzen du koalizio abertzaleak, "autobus linea guztiek 15 minuturo zerbitzua eman dezaten". Eta lehentasunez autobusentzako bideak aurreikusteaz gain, irundarrek ospitale eta industrialdeetara autobusez joan ahal izateko lotura duten linea berriak ere eskatzen ditu.