ADIFek tren-geltokiko pasarelari bide emateko eraitsiko duen kontzentrazio-esparru frankista salbatu nahi dute Kepa Ordoki eta Nicolas Gerendiain elkarte memorialistek. Urtebeteko moratoria galdegin dute eta bertatik pasa ziren 4.000 errepresaliatuak gogoan, memoria historikorako zentroa bilakatzeko partaidetza prozesua eskatuko dute ostiraleko udalbatzan.
1939tik 1941etik 36ko gerra zibilaren ondotik, erbestetik zetozenak biltzeko eta beste kontzentrazio esparruetara berbideratzeko frankismoak Irunen baliatu zituen 5 kontzentrazio-esparruetatik bakarra mantentzen da zutik. Aduana kalean, Aduana eraikinaren aldamenean dagoen 'Pequeña Velocidad' izeneko uralitazko teilatua duen pabilioia da, eta 4.000 pertsona errepresaliatu baino gehiago pasa ziren garai hartan bertatik.
Hau salbatu nahian, Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan Elkarteak eta Nicolas Gerendiain Irungo Errepublikarren Elkarteak mozioa aurkeztuko dute ostiral hontako Irungo udalbatzan.
Izan ere, VIA IRUN proiektuaren baitan, ADIF erakundeak, Irungo tren geltokia eta Aduana kalea lotuko dituen 6 milioi euro baino gehiagoko pasarela bat egiteko pabilioia eraistea aurreikusten du. Egia, Aitortza eta Erreparazioa aldarrikatzen den garai honetan, Pequeña Velocidad hiriko oroimen historikoaren gunea bertan ezartzea eskatzen dute. "VIA IRUN proiektuarekin bateragarria" dela dio Juan Mari Arrozpide, Kepa Ordoki elkarteko kideak. Eta Jose Antonio Santano alkateak urriko udalbatzan adierazi zien "memoria historikoarekiko sentsibilitatea" hala bada, Espainiako Memoria Demokratikoaren Legearen babesa beharko luke izan. Kontua da, ekainean onartuko dela hau Euskal Autonomi Erkidegoan, eta horren esperoan daude. Anartean, eraikina eraitsi ez dezaten urtebeteko moratoria bat eskatzen dute aurkeztutako mozioan.
Joan den urrian iada hitza hartu elkarte memorialistak Irungo udalbatzan VIA IRUN hasierako onarpenean. Baina orduz geroztik, udalak ez die inolako urratsik eman duenik komunikatu. Are gehiago, orduz geroztik ia 7 milioi euro kostatuko duen pasarelaren proiektuaren emakida egin dio Irungo Udalak ADIF erakundeari, berari egokitu zaion partea diruztatzeko.
Modu batean zein bestean, pabiloia ez botatzeko eta hura memoria zentro bat bilakatzeko konpromisoa da eskatu dutena. Eta hau herritarren parte-hartze prozesu batekin antolatu eta erabakitzea. Izan ere, hamarkadak utzita eta prekarioan dagoen pabilioia frankismoaren kontzentrazio-esparrua izan zenik ere, ez dakite bidasotar gehienek.