Indarkeria matxisten aitzinean egin beharrekoa erakusteko saioa izanen da bihar Etxalarren

Antxeta Irratia 2023ko api. 26a, 00:00

Baztango eta Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuek antolatuta, bihar, indarkeria matxista kasuen aitzinean zer egin behar den ikasteko saio irekia eginen dute Etxalarko Pello Apezetzea Kulturgunean, Irule Abokatuak elkartearen eskutik.

Baztango eta Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuek antolatuta, bihar (apirilaren 27an), indarkeria matxistaren aitzinean egin beharrekoa erakusteko saio ireki bat izanen da Etxalarko Pello Apezetxea Kulturgunean, arratsaldeko 17:30ean.

Bi eskualdeetako Berdintasun Zerbitzuek hainbat saio antolatu dituzte indarkeria matxistaren inguruan. Alde batetik, arlo ezberdinetako profesionalei zuzendutako saio itxiak egin dituzte eta bertze aldetik, herritar guztiei zuzendutako saio irekiak.

Bihar eginen den saioa azken hauetakoa da. Herritar guztiek parte hartu ahal izanen dute eta bertan zenbait gai landuko dira: emakumeen kontrako erasoei buruzko prozesu judizialetan sortzen diren gatazken eta ondorioen inguruko ezagutza barneratzea; prozesua hasi baino lehen kontutan hartu behar diren elementuak ezagutzea (erasoa pairatu duen pertsonaren egoera pertsonal eta soziala, bere beharrak eta nahiak, etab.); prozesu judiziala ahalik eta efektiboena izan dadin, erasoa ematen denean, froga bilketa eta salaketa jartzea nola egin behar den ikastea; prozesuaren momentu desberdinetan egin daitezkeen esku hartzeak ezagutzea (txostenak, arriskuaren ebaluazioak, etab.); eta mugimendu feminista bertze eragile publikoekin saretzea eta hauen arteko koordinazioa bermatzea eta indartzea.

Saioan parte hartzeko beharrezkoa izanen da izena ematea, berdintasuna@bortziriakberd.eus edota berdintasuna@baztan.eus helbideetara idatziz.