Anais Mitxelena Larrañaga: «Jaizkibelek hobera egin du 40 urteotan, baina oso mendi berezia da, mehatxuetaz zaindu beharreko altxorrez betea»

Antxeta Irratia 2023ko api. 25a, 00:00

Jaizkibelgo landarediaren altxorrak eta mehatxuak ezagutarazteko liburuxka plazaratu zuen Aranzadi Zientzi Elkarteak joan den irailan Hondarribiko Udalaren laguntzarekin. 'Jaizkibelgo Landareak. Talaia Bidea Jarraituz' liburuxkak arrakasta bildu duelarik, udaberriko loratzea gozatzeko lagungarria izateko, orain pdf formatoan ere eskura daiteke.

Aranzadiko Botanika Saileko adituek urteak daramatzate Hondarribian lanean, bertako landare espezieak identifikatzen. Eta horren emaitza da 'Jaizkibelgo Landareak. Talaia Bidea Jarraituz' gida-liburua. 30 landare espezie biltzen ditu, eta xehetasun guztiak ematen ditu Talaia bidean zehar bertakoak zein exotikoak diren landareak urteko sasoi desberdinetan deskubirtzeko.

Aranzadiko botanikaria, Anais Mitxelena Larrañaga hondarribitarra dago lan honen atzean. 2011tik Aranzadi Zientzia Elkarteak urtero ekintza desberdinak burutzen ditu Jaizkibel mendiko habitatak babesteko. Eta beste eskualde eta mendietan egin izan duten bezala, "enbidia sano batetik abiatuta Jaizkibelek dibulgaziorako halako argitalpen bat merezi zuela pentsatu" zuela aitortu digu.

Izan ere, bere ikerketa eta lan zientifikoak ingurumena zaindu eta babesteko helburua badu ere, "natura zaintzeko, maitatu behar da, eta horretarako lehenik ezagutu behar da", dio. Hortaz, liburuxka honekin pedagogikoak izaten saiatu dira.

Altxorrak eta mehatxuak

Bere ustetan, Jaizkibel mendiak altxor anitz ditu bere baitan. Begibistan bidasotar guztiok dugu egunero, baina oso ezezaguna da aldi berean. Itsas -bazterrean kokatuta, bere bi isurialdeek 17 habitat desberdin gordetzen ditu, eta horietatik 12 interes berezikoak direla azaldu digu. Badira bertan euskal kostaldean baino topatu ezin daitezkeen zenbait landare. Eta ekosistema hori zaintzeko lanean dihardute Aranzadiko botanikariak.

Haatik, landare exotiko anitz badira Jaizkibelen. "Batzuk ondo egokitu dira eta ez dute lata asko ematen, baina beste batzuk aldiz, inbaditzaileak dira eta lurra, bere inguru eta mendia bera eraldatzen dute", ohartarazten du adituak, baina beste kasu batzuetan, "orain arazorik eragiten ez badituzte ere, klima aldaketarekin ez dakigu urteen poderioz nola jokatuko duten".

Urtero landare hauek eremu zehatzetan ezabatzeko lanak hartzen dituzte, baina arazoaren oinarrira jo beharra dagoela uste du. 2013an Natura 2000 Sareko babesgune izatera pasa zenetik, "administrazioek geroz eta konzientzia eta borondate handiagoa dute, baina zaila da neurria hartzea", argitzen du.

Landaredia babesteko baso bizia

Zentzu honetan, bertako altxor botanikoak babesteko modurik onena bere inguruaren osasuna gordetzea dela dio. Eta horretarako tentuz hartu behar idra erabakiak mendiaren kudeaketan. "80. hamarkadatik hona asko aldatu da Jaizkibel, garai haietan larre eta sastraka soila zuen mendia zen, suteetarako aproposa, eta hamarkadaotan egur ustiakuntzarentzat zuhaitzez bete da, baina berdea den guztia ez da basoa", dio Anais Mitxelena Larrañagak. Izan ere, pinua edo eukaliptoak bere azpiko lurretan ez du baso biziak duen biodibertsitatea, eta baso naturalak dira suteak sahiesteko egokienak bere ustetan. Aitortzen du zentzu honetan, gaur egun bertako ametzak landatzeko ahaleginetan ari direla agintariak.

Dena dela, landare inbaditzaileen arazoari dagokionez, asko dago aurreratzeko. "Gehienetan partikularrek edota udalek lorategi eta hiriguneetako berdeguneetan landatzen dituzten espezieak dira, lore politak dituztelako, baina haizeak edo txoriek haziak barreaitu ahala, mendian hedatzen dira", salatzen du botanikariak. Dioenez, badira praktika onen gidak hori sahiesteko, baina oraindik ere "ornamental apaingarriak" lehenesten dira "ingurumena zaintzeko" irizpideak baino. Xehetasun gehiago eman dizkigu ondoko elkarrizketan. 

Liburuxka pdf-an deskargatzeko lotura: https://www.hondarribia.eus/eu/-/zabalkundea-sentsibilizazioa-eta-ingurumen-hezkuntza