Bertsolari urruñar gazteak bertsoaldi borobila egin zuen "forma baino landu nahi zituen edukiak" lehenetsiz, eta Gabiriako Osinalde elkartean ikasturte honetako hirugarren txapela jantzi zuen.
Osinalde Bertso Sariketaren 51. edizioa jokatu zen apirilaren 15ean Gabiriako Osinalde elkartean. Bertan, Aner Peritz, Irati Alcantarilla, Lander Arizmendi, Xabat Illarregi, Oihana Arana eta Unai Izagirre aritu ziren. Ane Etxezarretak gidatu zuen saioa, eta bertso on askoz gozatzeko aukera izan zuten bertaratu zirenek. Baina denen artean, Irati Alcantarilla urruñarrak txapela lortu zuen, eta finaleko maila goraipatu zuten adituek. Bertso saio borobila egin zuen urruñarrak. Antxeta Irratian, Arrosa Sareko Zebra Bidean saioan aitortu duenez, landutako gaiekin ere kontent bukatu zuen.
Alcantarillak sasoi onean dago. Lapurtarrak 2019an Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolaritza Txapelketa irabazi zuenetik bere bidea egiten jarraitu du. Eta azken bost hilabetetan irabazten duen hirugarren saria da hauxe. Abenduan, Errenterian Xenpelar Saria irabazi zuen, urtarrilean Mikel Laboa Sariketa, Donostian, eta oraingoan 51. Osinalde Saria, espreski bertsolari gazteei bideratutakoa. Halakoetan, txapelak eskuratzea, plazaz-plaza ibiltzeko ateak zabaldu dizkiola aitortu digu.