Abotsanitz, EH Bildu eta PSE-EE oposizioko udal taldeek joan den ostiralean udal gobernuari luzatutako eskaerari uko egin dio Txomin Sagarzazu alkateak. Astebete gehiago eman die HAPOaren hasierako onarpenaren dokumentazioa lantzeko, baina hauteskundeen aurretik egiteko beharra argudiatu du, "hiriaren garapenean arintasunez aurrera egin ahal izateko".
Oposizioak biharko Hondarribia baldintzatuko duen hirigintza plan berria ondorengo udal osoko bilkurak eztabaida dezala eskatu badu ere, Sagarzazuren arabera "denbora irabazi" beharra dago, eta bere helburu bakarra "Hondarribiaren garapenean aurrera" egitea dela argitu du.
Zentzu honetan, hauteskundeen ondotik udal gobernu berria eta udal osoko bilkura osatu bitartean, HAPOaren hasierako onarpenak bere tramitazio teknikoa egin dezake orain onartuta. Oroitarazi duenez, "2017an bagenuen HAPO bat, baina bertan behera utzi zenez geroztik, hirigintza 1997ko arauekin egiten ari gara, eta herritarren beharrak kontuan hartuta, teknikoek egiten duten lana arintasunez politikoki lantzea garrantzitsua da". Hau aintzat hartuta, bere aburuz, udalbatza bere horretan mantentze "beti izango da erabaki arduratsua hauteskundeak izan ala ez izan".
Halere, oposizioko taldeek salatu duten "egutegi estua" eta "dokumentazioa aztertzeko eta kontrastatzeko" epeak aintzat hartu dituelakoan, dokumentazioa lantzeko astebete gehigarri emango die, maiatzaren 4ko udalbatza maiatzaren 11ra atzeratuz. Baina ez du hauteskunde ondorengorako utziko. Alkatearen ustetan, halere, martxoaren 28an jaso zuten oposizioko taldeek dokumentazioa, eta "aski denbora bada aztertu eta iritzi bat osatzeko".
Hortaz, oposizioko udal taldeen eskaerak ez du bilatutako erantzunik jaso. Xabier Isasik, EH Bilduko ordezkariak ostiralean argitu zuenez, HAPOa ez da agintaldi baterako kontua, hiriarentzat epe luzerako estrategikoa baizik, eta egutegi estu honekin, haiserako onarpenak oposizioari zuzenketa soilak egitera kondenatzen ditu, hiri-eredu berritzaile baten proposamena egiteko aukerarik eman gabe.
Alkateak, aldiz, udalbatzan hasierako onarpena egin eta gero, jendaurreko fasea zabalduko dutela iragarri du. Prozesuak hala agintzen duenez, herriatar eta eragileen alegazioak egiteko epea izango da. Eta horrekin joango lirateke behin-behineko onarpenera. "Beraz, hau ez da hemen bukatu, segituko du eta abersatuko da", argitu du.