Josu Etxaburu: «Desberdin pentsatu arren, elkarri begiratu eta adostu dezakegun esparrua eman du Gure Eskuk»

Antxeta Irratia 2023ko api. 24a, 00:00

Erabakitzeko eskubidearen aldeko konpromisoa berritu du Gure Esku-k larunbatean Irungo Ficoban egindako 'Itsasargia' nazioarteko konferentzian. Sortu zen leku berean, estrategia eta proposamen politiko berria aurkeztu dute aurreneko 10 urteetan egindako ibilbideaz harro.

Erabakitzeko eskubidea erabiltzea, burujabetzak lantzea eta lurraldeen arteko lankidetzan sakontzea «eginkizun kolektibo bat» dela nabarmendu du Gure Esku-k Irungo Ficoban ospatutako Itsasargia nazioarteko konferentzian. «Olatu subiranista» nola aktibatu aztertu dute nazioarteko eragileekin batera. Izan ere, Kataluniako, Eskoziako eta Irlandako ordezkariek beren esperientziak helarazi dituzte bertan. Eta herritarren aktibazioa bultzatzeko, herriz-herri Euskal Herrian bururatu berri duten Itsasargia eztabaida kolektiboaren ondotik, estrategia eguneratuta aurkeztu du Gure Eskuk, Euskal Herritik Europara begira.

Halere, duela hamar urte zegoen behar horrek gure gizartean jarraitzen duelakoan dago Josu Etxaburu, Gure Eskuko bozeramalea. «Aniztasunari erantzun transbertsalagoa emateko sortu zen, eta desberdin pentsatu arren, elkarri begiratu eta adostu dezakegun esparru bat eman du Gure Eskuk», bere ustetan. «Batzuetan amableegiak ez ote garen esaten dute, baina gauza serioenak eta eztabaida sutsuenak ere eraman daitezke adostasunetik, haserrearen bidea sahiestuz», dio Etxaburuk. Zentzu honetan, 10 urteotan ehundutako bidean eta bildutako jendarteak erakutsi du bere ustetan, hori dela bidea. «Jakin badakigu alderdi politikoek eta erakundeek beren mugak dituztela, baina horiek euren mugak dira ez gureak, libre esaten dugu 10 urte badela Gure Esku sortu zela, baina beharrak jarraitzen du», argitzen du.

Oraingo honetan, eta Euskal Herrian egindako lanaren ondotik, bertatik Europara begiratzeko unea iritsi delakoan daude. Horren irudiko izan da nazioarteko konferentzia ere. Esperientzia debserdinak izan zituzten hizpide, Ireland's Future elkarteko kide Patricia MacBridek, Omnium Culturaleko Elena Jimenezek, Eskoziako Women for Independence erakundeko Maggie Lennonek. Eta besteak beste, emakumeei ahotsa emanez hauei protagonismoa emateko beharra ere nabarmendu dute.