Guadalupe-Jaizkibelgo igoera balioan jartzeko seinaleak ezarri dituzte

Antxeta Irratia 2023ko api. 24a, 00:00

Uztailaren 2an Frantziako Tourra Hondarribitik igaroko dela probestu dute Hondarribiko Udalak eta Bidasoa Atletiko Taldeak (BAT) "txirrindularien igoerari balioa emateko".

Hondarribiko Kirol Plan Estrategikoaren haritik, BAT taldearekin lankidetzan korrikalarientzako identifikatu eta markatu duten HondarriBira zirkuituarekin bezala, oraingo honetan, txirrindulariekin pentsatuz Guadalupe-Jaizkibelgo igoera kilometroz-kilometro seinaleztatzeko lanak hartu dituzte. Kalixa Silanes, Kiroletarako udal ordezkariak argitu duenez, Frantziako Tourra bertatik pasatzen dela aitzaki hartuta, igoera seinale finkoekin markatuko dute, “zaleei igoera ahalik eta ondoen kudeatzen laguntzeko, desnibelak, distantziak eta altuera kilometror informatuz”, eta bizikleta zaleei kirola egitera bultzatzeko.

Aurtengo Tourraren bigarren etapa (uztailak 2an) Gasteiztik atera eta Donostian bukatuko da, eta azken kilometroetan, tropelak Jaizkibel igoko du Guadalupetik. Hortaz, norantza horretan, seinaleak Labreder aldameneko Montañenea baserri paretik hasi eta Jaizkibelgo gainaraino jarriko dituzte aste honetan zehar.

Egitasmo honi lotuta, hilaren 29rako (larunbata da) lehiarik gabeko proba bat egingo dute inguru horretan. Iñigo Eseverri BATeko ordezkariak azaldu duenez, herritar oro gonbidatu dute igoera honetara, “Guadalupeko igoera zoragarri hau hobeto ezagutzeko”. Larunbatean 9:30ean eman dute hitzordua Labrederren. 

Erlazionatuak