HAPOa hasieran onartzeko Hondarribiko alkateak maiatzaren 4rako deitu duen udalbatza atzeratzeko eskatu dute oposizioko taldeek. Dokumentua orain jaso dutenez, hiri-eredua markatuko duen plana aztertu eta eragileekin kontrastatzeko denbora gehiago behar dutela adierazi dute.
Abotsanitz, EH Bildu eta PSE-EE alderdietako bozeramaleek bi kaxa oso betetzen dituzten HAPOaren dokumentuekin batera egindako agerraldi komunean, Aste Santuen aurretik pendrive batean agiria jaso ondotik, paperean lantzeko moduan orain jaso dutela argitu dute. Eta beraz, "hain egutegi estua izanik, behar bezala lantzeko denborarik ez dutela" adierazi dute.
EH Bilduko Xabier Isasik udal gobernuaren "jarrera eta ohiko jardun autoritarioa" salatu du, eta EAJk duen gehiengoa baliatuz HAPOaren hasierako onarpena udalbatzan onartu beharrean, udal hauteskundeen ondotik etorriko direnek eztabaidatu dezatela galdegin du. Bestalde, udal hauteskundeak baino 24 egun lehenago halako erabakiak hartzea ez dute ondo ikusten. "Udal gobernuak hauteskunde bezperan soilik epe laburreko onura politikoa" bilatzen duela salatu dute oposizioko taldeek. Noemi Odriozola, PSE-EEko ordezkariak oroitarazi du, tentuz eztabaidatu eta adostu beharreko afera dela. "Zaldunbordak agerian utzi zuen presazko erabakiek ez dutela funtzionatzen", dio sozialistak.
Nolanahi ere, datozen 10, 15 edo 20 urtera begirako Hondarribia baldintzatuko duen hirigintza plana den heinean, "edukiaren bolumena eta garrantzia, eta erantzukizun politikoa ikusirik, aztertzeko behar denbora eta herritarrekin adostutako hiri-eredua" exijitzen du Igor Enparanek, Abotsanitzeko bozeramaleak ere.
Zentzu honetan, Isasik argi du plan hauek ez direla legealdi baterako. "Hiriarentzako estrategikoak dira, eta ikuspegi estrategiko hori dela eta, eskatzen duguna da behar duen garrantzia emateko prozesuari", dio. Izan ere, idatzia jaso dutenerako "zuzenketak" besterik ezin dituztela egin salatu du, ez inolako hiri-eredu proposamen berritzailerik.