Osasun Bidasoak manifestazioa deitu du maiatzaren 6an

Antxeta Irratia 2023ko api. 21a, 00:00

Osakidetzak Bidasoa eta Bortziriak eskualdeetako herritarrak "zigortu" dituela salatu du plataformak, urte luzeetan egin ez diren inbertsioen ondotik, "orain arrazoirik eman gabe" ospitaleko eta lehen arreta zerbitzuen premia gorriari ez diolako erantzuten.

Osasun Bidasoa plataformak larunbata honetan osasun publikoaren aldeko herri plataformek Bilbon, Gasteizen eta Donostian antolatu dituzten mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu du. Apirilak 22 honetan 17:00etan hasiko da Donostiakoa, Bulebarretik, "Osasungintza publikoa indartu" lelopean. Maria Jesus Alfonso, Osasun Bidasoa plataformako kide eta Bidasoa ospitaleko erizainak esan duenez, "Osakidetzako arduradunekin izan zuten azken bileran, osasungintza publikoaren gainbehera perzepzio hutsa dela argudiatu ziguten, baina ez da kasualitatea, eskualde guztietan jendearen iritzia berbera izatea".

Osasungintza ereduak eta politika

Halere, Bidasoaldeko osasun zerbitzuen egoerak aparteko azterketa behar duelakoan dira. Izan ere, Txagorritxu, Arrasate edo Zumarragako ospitaleetan ebakuntza-gelentzako eraikin anexo bat eraiki duten bitartean, Bidasoa ospitaleko berritze proiektua oraindik dantzan dabil. Eta anbulatorioen premia gorriak ezin aseturik daramate azken 15 bat urteetan. "Pandemia ondotik egoera okertu egin da, baina 90. hamarkadan Dunboa anbulategian eta ospitalean egindako inbertsioen ondotik, ez da gehiago inbertitu gure eskualdean", kexu da Alfonso. "Bidasotarroi zigortzen ari digutela dirudi, baina ez dakigu zergatik", nabarmentzen du.

Politikak zerikusia duelakoan, plataformak duen Oinaurreko anbulategia eraikitzeko beharraren eta ospitaleko berritzearen aldarrikapenak EAJ ez ezik, Irun-Hondarribiko alderdi politiko guztiek babesten dutela oroitarazi du. Baina goibel azaldu da, aldi berean, PSE-EEak Irunen gauza bat defendatu eta Eusko Legebiltzarrean "sozio duten EAJrekin lerratu" izanarekin.

Nolanahi ere, osasun zerbitzuen eztabaida, arlo politikotik aldendu nahi izan du plataformak. "Plataforma kolore anitza da, eta politikariak gero iritsi ziren eztabaidara", argitze du. Halere, ezin estali daiteke bere ustetan, Gotzone Sagarduy Osasun sailburua EAJ alderdikoa dela.

Honek, 12.000 metro koadro galdegin ditu Irungo hirierdian anbulategi berria egiteko. Baina halako espaziorik ez dagoela kontuan hartuta, lehen arretak duen espazio behar handiari lehenbailehen erantzungo dion Oinaurreko lursailan hirugarren anbulategia 3 urtetan eraiki daitekeela oroitarazi du Manel Ferran medikuak ere. Bere ustetan, eztabaida politikoaren atzean errealitate gordin bat estaltzen da. "Denok dakigu zertan ari diren, osasungintza publikoa usteltzen utzi, eta gainbeheran datorrela, ordaindu dezakeenak pribatua ordaindu dezala nahi dute. Bagenuen altxor bat, eta hiltzen uzten ari dute", dio Ferranek.

Horren irudiko, lehen arretaren egoera. Irungo Erdiguneko anbulatorioan urgentziak medikurik gabe eskaintzen ari dira gaur egun, eta itxaron-zerrendak geroz eta luezagoak dira. "Une honetan, ekografia bat egiteko 6 hilabeteko itxaron-zerrenda dago Bidasoan, eta traumatologo batek ikusteko 180 egunekoa". Espazio faltaz haratago, profesionalak ere eskax direla nabarmendu dute.

Ospitaleko ebakuntza-gelak

Bestalde, Osakidetzak Bidasoa ospitaleko ebakuntza-gelen proiektu berria iragarri du. Bigarren solairuan kirofano berriak kokatzea aurreikusten du. Eta osasun langileek ez dute begirunez hartu. 2022ko apirilan aurreko proiketua geldiarazi zutenean, mahai baten bueltan negoziatu eta proiektu berria adostua izango zela konpromisoa hartu zuen Osakidetzak. Baina Maria Jesus Alfonsok dioenez, "Bidasoko osasun profesionalen iritzia ez dute galdetu ere egin, eta OSI Bidasoko zuzendariak argi utzi digu ez dela plataformarekin bilduko, plataforma ez delako inor haientzako".

Osasun Bidasoako kideek argi dute, hasieratik defendatu duten eraikin anexo baten beharra dagoela. Ospitalearen bigarren solairua ebakuntza-gela berrientzako bideratzen baldin bada, gainerako zerbitzuentzat espazioa galduko delako. "Kirofano gehiago egongo badira, horri lotutako espezialista eta pre-operatorio zein post-operatorio jarduna ere emendatuko da, baina espazioa galduta ezinezkoa izango da", argitzen dute.

Horiek hala, plataformak bere aldarrikapenak plazaratuko ditu enegarren mobilizazioarekin. Maiatzaren 6an manifestaziorako eman dute hitzordua, Irungo San Juan plazan 18:30ean. 

Erlazionatuak

Osasun Bidasoak manifestazioa deitu du maiatzaren 6an

Antxeta Irratia 2023 api 21 Behe Bidasoa

Osasun Bidasoak manifestazioa deitu du maiatzaren 6an

Antxeta Irratia 2023 api 21 Behe Bidasoa

Osasun Bidasoak manifestazioa deitu du maiatzaren 6an

Antxeta Irratia 2023 api 21 Behe Bidasoa