Abenduaren 1etik martxoaren 31ra 104 etxegabek baliatu dute Hendaiako Intzuran dagoen gaueko aterpetxea. Gehiengoa 30-70 urte arteko gizonezkoa izan da, eta gehienez ere 5 egun eman dituzte zerbitzua baliatzen.
Hendaiako Gizarte Ekintzarako Udal Zentroak (CCAS), aurtengo neguko aterpearen bilana egin du. Hotzaren Aurkako Dispositiboarekin batera, kale gorrian diren pertsonentzako gaueko aterpea martxan izan du abenduaren lehenetik martxoaren 31ra arte zabalik. Intzura industrigunean kokatuta, 12 ohe eskaintzen ditu bertan. Eta orotara 104 pertsonek erabili dute, joan den urtean baino gehiago.
Txomin Elizondok, CCASko zuzendariak azaldu digunez, erabiltzaile gehienak 30 eta 70 urte arteko gizonak izan dira, eta batez bestean, 5 egun eman dituzte aterpe zerbitzua baliatzen.
Gizarte zerbitzuekin elkarlanean diren elkarte eta entitateen lana ezinbestekoa da, kalean bizi diren pertsonak laguntzeko. Hendaiako gizarte ekintzarako udal zentrotik bolondresen lana eskertu nahi izan dute.