Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira, Doneztebeko haurrek liburutegia bisitatuko dute eta bertan, zenbait jarduera eginen dituzte. Honen gain, Erreka Guraso Elkarteak antolatuta, liburu trukaketa ere eginen dute euren artean.
Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatuko da heldu den igandean, apirilaren 23an. Honen harira, Doneztebeko ikastetxe publikoko haur eta lehen hezkuntzako ikasleek herriko liburutegia bisitatuko dute bihar, apirilaren 21ean. Lehen hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek sormen tailerra eginen dute bertan eta txikiagoek, ipuin kontalaria izanen dute Haizea Loiraren eskutik.
Arratsaldean berriz, Erreka Guraso Elkarteak liburu trukaketa eta merienda antolatu ditu. 16:00etan hasiko da jarduera eta ordu batez ikasleek aukera izanen dute bertze norbaitekin liburu bat trukatzeko. Aldi berean, txokolate hotza eta bizkotxoak banatuko dituzte hurbiltzen direnen artean. Azkenik, ipuinen zuhaitza ere eginen dute.