Aberastasunaren metaketan oinarritutako ereduak eragiten duen prekarietatea gaindituko duen alternatiba sozial eta ekologiko berri bat eraikitzeko boszt lan saio antolatu dituzte, trantsizio sozio-ekologikoaren irizpideei jarraiki, burujabetza arlo desberdinetatik landuz.
BDS Koopek martxoan zehar antolatutako BiziHiriak jardunaldien bigarren edizioari jarraipena emango die apirilaren 20etik 29ra. Oraingo honetan, Txingudi eskualdetik beharrezkoak diren aliantzak eta proiektuak zehazten laguntzeko helburuarekin. Izan ere, trantsizio sozio-ekologikoari buruz hausnartu, eta «gaur egun bizi dugun errealitate konplexua ulertzeko ez ezik, prekarietate eta krisi ekonomiko sakon batean murgilduta gaudela ulertuta, alternatibarik emango bada, elkartegintzatik eta kooperatibismotik emango dela», segurtatu du BDS Koopeko Iker Eizargirre Zufiarrek.
Haien ustetan, krisi sozial eta ekonomiko sakona bizi dugun honetan, «aberastasunaren metaketan oinarritutako eredua ezbaian dago, eta eta zibilizazio krisi bat bizi dugu». Batetik, baliabide ustiaketa neurrigabe batean oinarrituta dagoen eredua delako, ikuspegi ekologikotik begiratuta, bioaniztasuna arriskuan eta seigarren estintzio handiaren atarian jartzen gaituena. Eta bestetik, ikuspegi sozialean, ongizatearen gizarteak huts egin duelako. «Geroz eta txirotasun maila handiagoa dago, krisi energetikoa agerikoa da, eta jendeak duin bizitzeko zailtasunak geroz eta handiagoak dira prekarietatea handitzen den heinean», dio BDS Koopeko kideak.
Trantsizio sozio-ekologikoa
Horiek horrela, eraldaketa ekarriko duten errealitatearen erpin desberdinak lantzeko antolatu dute foroak bost saio izango ditu. Dornaku Lantz Solbesek, BDS Koopeko proiektuen arduradunak azaldu duenez, «trantsizio sozio-ekologikoa beharbada hitz potoloa da, baina funtsean maila erreal eta praktiko batean gure eskualdera ekar daitezkeen esperientziak aztertu nahi ditugu, gerora aplikagarria izan daitekeen dekalogo bat sortzeko».
Bide-orri horretan, apirilaren 20tik 29ra antolatutako lan saioen aurrenekoa, ostegun honetan izango da, Hendaiako Baleak elkartean arratsaldeko 18:00etan. Labore Txingudi eta Sorburu baratzako kideek antolatuta agroekologia landuko dute Orduñako adibidea aztertuz. Apirilak 21ean, ostiralarekin 18:00etatik 20:00etara Palmera Montero gunean, tele-komunikazio sare publiko-komunitarioak landuko deituzte Onaro eta EHkomen eskutik. Apirilak 22an, aldiz, 10:00etatik 13:00etara hiriak auzoetatik planifikatzeko estrategiak landuko dituzte, Hiritik At, Balazta bizikletaren aldeko elkartea, Artiako Lagunak taldea eta Hondarribiko Amute-Kosta zein Irungo Landetxa-Katea auzo elkartearen parte hartzearekin. Amute-Kosta auzo elkartearen egoitzan izango da (Komentutxikigaina, 30, Hondarribia).
Azken aurreko hitzordua, aldiz, Euroeskualdeak Hendaian duen egoitzan antolatu dute, Antxeta Irratiaren laguntzarekin. Asteazkenean, 18:00etatik 20:00etara trantsizio sozio-ekologikoa eskualde eskalatik aztertuko dute, Udalbiltza eta Euroeskualdearekin batera, erakundetze posibleak aztertuz. Eta apirilak 29an izango da azken saioa, 10:00etatik 13:00etara. Hirigintza genero ikuspegitik landuko dute Parean eta AraGorputz! elkarteek. Irungo Erromes plazatik abiatuta, ibilaldi batekin.