Bortzirietako Euskaltzaleen Mugimenduak antolatuta, apirilaren 19tik maiatzaren 6ra bitarte Borborraldia ospatuko da, azken bi urteotan bortz herrietako euskararen errealitatearen inguruan hausnartutako guztia partekatzeko asmoz.
Bortzirietako Euskaltzaleen Mugimenduak Borborraldia ekimena antolatu du apirilaren 19tik maiatzaren 6ra bitarte. “Euskararen udaberria, piztu borborraldia” lemapean, mugimenduak azken bi urteotan egin duen lana Bortzirietako herritarrekin kontrastatu nahi du.
Bi urte pasatu dira Bortzirietako Euskaltzaleen Mugimendua sortu zenetik. Bortzirietan euskararen errealitatea ikertzea izan da euren lana, baita erronka berriei aurre egitea ere. Horretarako, bortz lan talde sortu zituzten euskarak eragina duen bortz atal desberdinetan lan eraginkorragoa egiteko: hizkuntza harrera, ikastetxeak eta gurasoen sentiberatzea, hizkuntza ohiturak, lan mundua eta gazteak.
Orain, Borborraldia prestatu dute teorian landutako guztia praktikara eramateko, eta herritarrek hau guztia nola hartzen duten ikusteko. Lehen ekitaldia gaur bertan ospatuko da (apirilaren 19an) Berako Beralandetan, 18:00etatik 20:00etara. Amelia Barquinek eskainiko du orduan, Euskara harrera hizkuntza solasaldia. Ekimena borobiltzeko azkenik, maiatzaren 6an, mugimenduaren urteko ohiko batzarra eginen dute eta bertan, azken urtean egindako lan guztia errepasatuko dute. Horren ondotik, Borborraldiari bukaera emanen diote mahai baten bueltan.