Iratxe Retolazarekin “Irakurbide feministak euskal literaturan” solasaldia izanen dute Baztango Liburutegi Publikoan, bihar 18:00etan.
Baztango Udalak, Bortzirietako eta Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitateek eta Sakanako Mankomunikateak antolatuta, Literatura Geraldiak ekimena eskualdera iritsi da bertze urte batez. Ekimen honen helburua euskaldunok euskaraz irakurtzeko ohitura hartzea, euskarazko kultura kontsumitzea eta liburutegi publikoen erabilera sustatzea da. Nafarroako hainbat txokotan izan ondotik, hilabete honetan Baztanera ere iritsi da ekimena eta horretarako, Baztango Euskara Zerbitzuak eta Idazleekin Solasean elkarteak bi hitzaldi antolatu dituzte.
Solasaldi horietako lehena bihar ospatuko da (apirilaren 19an), Baztango Liburutegi Publikoan, arratsaldeko 18:00etan. Horretarko, Iratxe Retolaza idazlea gonbidatu dute “Irakurbide feministak euskal literaturan” solasaldia eskaintzeko. Bigarren hitzordua berriz, apirilaren 26an izanen da, leku eta ordu berean. Orduan, Eider Rodriguez izanen da bertaratzen direnekin Idazleen gorputzak liburua aurkezteko.