Besarkatzeko prest diren 300 familia bilatzen ditu Oporrak Bakean programak uda honetarako

Antxeta Irratia 2023ko api. 10a, 00:00

Pandemiak eragindako bortxazko etenaldiaren ondotik, haur errefuxiatu sahararrak Euskal Herrira ekartzeko programa indarberritzeko lanetan dihardu Irungo Tadamun elkartea. Iaz 2 harrera familia besterik ez ziren animatu Bidasoaldean, baina basamortuko haurrek gerratik eta beroaldietatik aldentzeko behar gorria dute.

'Uda bateko besarkada' leolopean, Oporrak Bakean programaren kanpaina bete-betean dabiltza Hego Euskal Herrian, Euskadiko Fronte Polisarioa eta harekin batera, eskualdez-eskualde bat egiten duten hamaika eragilek.

Pandemiak bi urtez eten bazuen ere, OPORRAK BAKEAN programa berriz ere aktibatu egin zuten iaz. Aurten 300 haur errefuxiatu saharar ekarri nahi dituzte Euskal Herrira. Jakinik, urte luzetan arrakasta handia izan duen programak harrera familia bolondresen beherakada nabarmena izan duela azken aldian.

Harrera familien bila dabiltza. Uda gure artean igarotzeko aukera eman nahi diete haur errefuxiatu sahararrei. Mendebaldeko Saharak Marokorekin bizi duen gatazka inoiz baino biziago dagoen honetan, elikagai gabezia areagotu egin dela kontuan hartuta. Haurrei ondo elikatu eta mediku errebisioak egiteko aukera emateaz gain, Euskal Herriko kulturaz, naturaz eta hizkuntzaz gozatzeko aukera ematen die programa honek. Eta Aljeriako basamortuko errefuxiatu kanpamenduetan udako 50 graduz gorako beroetaz bi hilabetez aldentzea ezinbestekoa dutela.

Irungo TADAMUN elkarteko Junkal Bauza Ruiz de Apodakarekin hitz egin du honi buruz. Aipatu digunez, joan den urtean, Irun-Hondarribian bi haur baizik ez zituzten hartu ahal izan harrera familiak eskax izan zirelako, duela urte batzuk 15-20 haur artean etorri ohi zirenean. "Askok pentsatzen dute dirua behar dela, baina hiruk jaten duten lapikotik lauk ere jan dezakete, ez dute gauza askorik behar, gutxirekin ohituak daude. Maitasun pixkat besterik ez", dio.

INFORMAZIO GEHIGARRIA: OPORRAK BAKEAN programan parte hartzeko interesa duen orok, apirilaren 25a arte du interesatzeko epea. Emailez, oporrakbakean@gmail.com edota telefonoz honako zenbakietara deituz

Araba: 665 711 947

Bizkaia: 676 108 794

Gipuzkoa: 696 014 786

Bidasoan: tadamum@hotmail.es