Errugby eskolen nazioarteko topaketa antolatu du Txingudi Rugby Taldeak

Antxeta Irratia 2023ko api. 7a, 00:00

Datorren hilaren 15ean Nazioarteko Errugbi Eskolen Topaketa egingo dute Irunen. Txingudi Errugbi Taldeak antolatuta, bi hitzordu izango dituzte errugbizaleek. Goizean jatorri ezberdinetako 8 errugbi eskolek euren artean jokatuko dute Plaiaundin. Eta bazkalostean, Irungo erdigunea hartuko dute.

Goizean goiz hasiko da 'Txingudi Badia nazioarteko errugbi topaketa' izenarekin eskualdeko rugby klubak prestatutako egitaraua Plaiaundin. Bertan, 10 eta 12 urtez azpiko mailetako zortzi talde bilduko dira. Guztira 400 bat pertsona bilduko ditu ekimenak. Aurtengo gonbidatuak, Baztan Menditarrak (Nafarroa), Soragazteak (Gipuzkoa), Sarako Izarra (Lapurdi), Emak Hor Arrangoitze-Basusarri (Lapurdi), RC Rioja (Errioxa), RGC Covadonga (Asturias) eta Rugby Unión Norte (Kantabria), etxeko taldearekin batera eta denak-denen aurka formatuan, 7 minutuko partidak jokatuko dituzte.

Partiden ostean, parte-hartzaile guztiek saria jasoko dute, eta hirugarren denbora eskainiko die Bidasoko taldeak. Gainera, hura dastatzen duten bitartean, beste norgehiagokaz gozatu ahal izango dute, Txingudiren sub 16ak Uribealdea jasoko baitu etxean 14:30etatik aurrera.

Ondoren, 17:00etatik aurrera San Juan plazan Irungo Errugby Eguna ospatuko dute. Iragarri dutenez, jokoa, sarien zozketak eta musika zuzenean izango da. 

Erlazionatuak