Mugaz gaindiko hizkuntza politika, mugikortasuna eta enplegua laguntzeko 15 milioi euro

Antxeta Irratia 2023ko api. 7a, 00:00

Akitania Berria Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak, POCTEFA europar diru-funtsaren 6. diruztatze programari esker, 2027 urtea arte estrategikotzat jotzen dituen hiru ardatz indartuko ditu.

Programa 2027ra arte luzatuko da, eta aurten aurreneko aldiz, Euroeskualdeak sustengu berezi bat eskuratuko du. Hiru lehentasunen alde emango da diru hau : hizkuntza politika, mugaz gaindiko garraioa eta enplegua. Aukera bat beraz euskararen aldeko eragileak diruztatzeko. Izan ere, 5 milioi euro izango dira hizkuntza politikari lotutako proiektuetara bideratzeko. Mathieu Berger, Akitania Berriako hautetsiarekin mintzatu gira honi buruz.

Euro eskualdeak bideratuko du diru hori, besteak beste proiektu deialdien bidez. Lehen deialdia 2024an martxan emango da.

POCTEFA-k orotara 243 milioi euro ukango ditu, frantses eta espainiar Estatuen arteko eremuetako proiektuak diruztatzeko, hau da, Bizkaiatik Gironara, Andorra barne. Jakin, elkarte, enpresa, kolektibitate, pribatu edo publiko arloko aktore guziek aukera dutela POCTEFAren proiektu deialdi ezberdinetan parte hartzeko.