2013an sortu zuen lagun talde batek Elutxa Txaranga eta, hamar urteren buruan, Euskal Herriko txoko aunitz bisitatu dituzte, euren musikaren bazterrak alaitzeko helburuarekin.
Lesakako Elutxa Txarangak hamar urte betetzen ditu aurten. 2013an sortu zuten lesakar gazte batzuk eta geroztik, hamaika bestetan egon dira musika jotzen. Lesakatik hasi eta Euskal Herriko txoko aunitz zeharkatu ditu Elutxak eta, oraindik ere, bertze hainbat urtez horretan lanean aritzeko gogoz daude.
Lehen aldiz Beti Gazte elkartearen ospakizun batean jotzeko aukera izan zuten Elutxa Txarangako kideek. Orduz geroztik, taldea osatzen hasi ziren eta gehiagotan ateraldiak egiteko parada ikusi zuten. Hamar urteren buruan, hainbat kide desberdin pasatu dira txarangatik eta milaka herri bisitatu dituzte bertako bestak alaitzen. Dagoeneko, urteroko hitzorduak ere badituzte: Doneztebeko San Pedroak, Lesakako San Ferminak, akordeoilariekin afaria, Igantziko Bestak, etab.
Hamargarren urteurrena ospatzen ere segidan hasiko dira. Joseba Bertiz eta Ander Goizueta kideek aitzindu digutenez, akordeoilariekin izanen duten afariaren emanen diote hasiera ospakizunei. Horrez gain, bertze zenbait ekitaldiren artean, kamiseta bereziak egin dituzte aurtengo irteeretan janzteko, eta diska bat prestatzeko pentsamendua ere badute.
Lan gogorra bada ere, gustora egiten duten zerbait dela onartu digute Bertizek eta Goizuetak. Musikaz gozatzeaz gain, hamar urte hauetan gauza aunitz ikasi dituztela ere azpimarratu dute eta horiek guztiak euren memorian gordeko dituztela betirako.