Real Unionen historiaren eta Patricio Arabolazaren tamainako erraldoia

Antxeta Irratia 2023ko api. 5a, 00:00

Ondare kultur elkartea eta Real Unioneko Beteranoen ekimenez, Irungo historia eta ondare inmateriala balioan jartzen duen elkartearen 15. erraldoia aurkeztu dute "hiriko kaleak eta zaletasun txuribeltza suspertzeko".

Ikusmin handia piztu zuen aurkezpen ekitaldiak. Real Unioneko historian jokalari mitikoa den Patricio Arabolaza aurrelaria hautatu dute. Eta jaietan hiriko kaleak ez ezik, Stadium Galen txuribeltz zaleen bultzadarekin bat egingo du hurrengo asteburuan Real Murtziaren kontrako partidan ere.

Atzoko aurkezpenean, Patricio Arabolazaren lau bilobak hor ziren, aktiboki parte hartu baitute Irungo Udalak diruzlagundutako proiektuan, Ondare kultur elkartea eta Real Unioneko beteranoen ekimenez. "Txikitatik Patrizioren abenturak eta lorpenak entzun izan ditugu familian", dio bilbetako batek. Harrotasunez eta emozionaturik hartu dute ekimena. Eskertuta azaldu dira ere Jose Antonio Santano alkateak eta Real Unioneko presidenteak, Igor Emeryk.

Patricio Arabolaza irundarra

1893an Irunen jaioa, Real Unionek dituen lau kopatatik aurreneko biak altxa zituen, 1913an Racing Club de Irun zenekoarekin, eta ondoren 1918an Real Unionekin. Taldean, 14 denboraldi eman zituen, eta olinpiada batzuetan domina bat irabazten aurreneko irundarra izan zen ere, 1920ko Ambereseko olinpiadetan. Espainiako Futbol Selekzioaren historiako aurreneko gol ofiziala berak egin zuelarik.

Hau guztia kontuan hartuta, Ondare kultur elkarteak azken urteetan garatu duen 'Irun. Historia erraldoia' proiektuaren baitan (liburua ere argitaratu zuten Bakarne Atxukarro eta Oskarbi idazleen elkartearen laguntzarekin), Real Union bakarrik eskax zuen aparteko bilduma honetan. Bidasoa-Iruneko jokalariak, Luis Mariano, Aguirreko gozogile eta opilen amabitxia, txokolategilea, erromatarra edo hatxeroa bezalako erraldoien ondotik, halere, Patricio Arabolazari bikote bat egiteko asmoa iragarri digu Iñigo Mangasek, Ondareko kideak. Dena dela, momentuz, hontaz gozatzeko deia luzatu du, eta kluba laguntzeko prestutasun osoa agertu du, Stadium Galeko partidetarako. "Hasieratik gure helburua izan da zaletasun txuribeltza sozialki suspertzea", aitortu du.

Oraingo honetan, aldiz, lan handia egin behar izan dute Patricio Arabolazaren irudi gutxi zituztelateko bere figura zehaztasunez sortzeko. "Argazki zaharrak eta kalitate gutxikoak ziren, eta 2D irudi batetik 3D figura osatzeko komeriak izan dituzte Iruñeako Eskuartean tailerreko artisauek", azaldu du. Erraldoiak 3,60 metroko altuera du, eta 45 kiloko pisua. Euren ohiko konpartsan ez ezik, Ondarek duen erraldoien eskolan, haurrekin ere baliatuko dute.