Itsasoratu: loraldi betean dabilen Hondarribiko aisialdi nautikoarekin itsasoratzeko azoka

Antxeta Irratia 2023ko api. 5a, 00:00

'Itsasoratu' azokaren bigarren edizioa ospatuko dute Kirol Kaian apirilaren 29an. Egun osoko programa antolatu dute itsas-jarduerei lotutako herriko elkarte eta enpresek, dagoen aukera zabala probatzeko gonbidapena eginez.

Itsas-jarduera eta aisialdi nautikoa da Hondarribian gehien hazi den sektore ekonomikoa azken urteotan. Orain artean, hiruzpalau ziren surf, itsas-bela edo arrauna egiteko aukera eskaintzen zuten elkarte eta enpresak. Gaur egun, aldiz, kirolari, baina baita turismo-eskaintzari lotuta ere, 20 enpresa txiki ari dira horretan.

Horren irudiko izango dugu heldu den apirilaren 29an Hondarribiko Kirol Kaian ospatuko den 'Itsasoratu' azokaren bigarren edizioa. Enpresa hauek, Kirol Kaian dauden tabernak, Euskal Kirol Portuak eta Hondarribiko Udalak indarrak batu dituzte egun osoko jarduera programa osatzeko.

Maria Serrano, Merkataritza eta Turismo udal ordezkariak nabarmendu duenez, "bisitariei begira ez ezik, urte osoan zehar enpresa hauek egiten duten eskaintza bidasotarrei zuzendua" dagoela erakutsi nahi dute ekimen honekin. Horretarako, goiz eta arratsaldez, eragileek euren eskaintzari buruz informatzeaz gain, tailerrak egingo dituzte. Deskontuak lortzeko eta doako jarduerak probatzeko aukera emango dute, eta besteren artean, hitzaldiak, itsasoaren eta iraunkortasunaren inguruko haurrentzako tailerrak, dj-ak eta zuzeneko musika izango dira.

Eskaintza anitza

Esan bezala, urpekaritza, surf, kayak, itsas-bela, paddle surf, itsas-bidaiak eta paseoak, kirol-arrantza, snorkel edota bestelako ur-kirolak, baita duela bi urte sortu zuten ontzien alokairu zerbitzuko Hiruarri Boats bezalako enpresek ere, orain artean kirol minoritarioak zirenak hedatu, edota "gutxi batzuen aisialdi aukera zena demokratizatu" egin dute.

Bertan parte hartuko duten enpresa eta elkarteen artean: Amaina, Estatxa, Navegavela, Hiruarri Boats, Jolaski, Hondarribia Arraun Elkartea, Kayak Basque Country, Santiagotarrak K.E., Fishing & Sailing, Pescahondarribia.com, Alaia Surf Elkartea, Central Surf, HS2 Surf Eskola, Surf Teknika Eskola, Water Joy eta Buceo Hondarribia.

Egitaraua hemen: https://www.hondarribia.eus/documents/124308/31107265/Itsasoratu+2023+jarduerak/aa9dd1d6-eb72-7681-3d70-f8052af8b717