L2 Irunbuseko autobus linea elektrifikatzeaz gain, datozen urteetan ugaritzen joango den auto-elektrikoaren presentzia kontuan hartuta, hiriko parkinetan ez ezik, karga-puntuentzako leku egokienak zehazteko azterketa egiten ari da udaleko Mugikortasunerako arloa.
Mugikortasun jasangarriaren bidetik urratsak ematen doaz Irunen. Madril eta Europako trantsizio ekologikorako eta klima aldaketaren aurkako zuzentarauek behartuta, hirierdia Isuri Apalen Eremu bilakatzeko beharra dute. Amaitzear dauden Legia, Foru eta Berrotaran kaleetako egokitzapenen ondotik, oinezkoei lehentasuna emateko proiektuak Colon ibilbidean ere eragingo dute etorkizun hurbilean. Baina bitartean, garraio kolektibo eta pribatuak jasaten ari den eraldaketaren lekukoa da Irun ere.
Zentzu honetan, IrunBus autobusen linea elektrifikatzeko bidean, Europako Next Generation 1.250.000 euroko dirulaguntza lerroari esker, iaz 400.000 bidaiari jaso zituen L2 (San Juan-Landetxa Katea) linearako autobusak erosi ondotik, "montaketa fasean" daudela argitu du Borja Olazabal Mugikortasunerako zinegotziak. Eta orain auto-elektrikoak ugaritzen joango direla aurreikusita, hauentzat karga-puntuak jartzeko azterketa egiten ari da Irungo Udala.