IRUNVIk duen alokairu sozialeko 2.000 lagun baino gehiagoko eskaera zerrendari ahal bezain azkar erantzuteko, agintaldi hontako eginahalekin jarraitzeko eta aparteko neurri gehiago hartzeko beharra nabarmendu du koalizio abertzaleak.
Irungo etxebizitza publikoen defizita arinduko duen Alarde eremuko 52 Babes Ofizialeko Etxebizitzen obretara bisita egin du berriki Jose Antonio Santano alkateak. Elizatxo hiribideko biribilgunearen parean eraikitzen ari diren 42 babes ofizialekoen lanak %90ean osatuak daude, eta atzealdeko Alarde kaleko alokairu sozialeko 10 bizitokien kasuan %60ean. Baina IRUNVIk jakitera eman duenez, azken fasean daude, eta udan amaituak egongo dira.
Jasangarritasun irizpideei begira, PASSIVHAUSS sistemaren baldintzak betetzen dituzte, eta ohiko etxebizitza baten energia-kontsumoa baino %75 gutxiago egiten dute.
Eskaera zerrenda luzea
IRUNVIko Administrazio Kontseiluak alokairuzko 52 etxe hauen esleitzeko deialdia eta oinarriak onartu zituen joan den astean. IRUNVIren webgunean dituzue ikusgai. Eta boletin ofizialean publikatzen direnetik hilabeteko epea emango dute izena emateko. Halere, "IRUNVIko Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan" izena emanda daudenek ez dute berriz izena eman beharrik, euren egoera aldatu ez bada.
Hau esanda, zerrenda horretan 2.000 alokairu sozialeko eskatzaile baino gehiago dago gaur egun. Azken hamar urteetan zerrendetan bildutako eskatzaileen perfila aldatu egin baita, eta %80a inguruk alokairura jotzen du.
EH Bilduk oroitarazi duenez, 2020ko udal aurrekontuen negoziaketan PSE-EEko udal-gobernuarekin 5 milioi euroko akordioari esker egin ahal izan dira Alarde kaleko 10 alokairu sozialeko bizitokiak. Koalizio abertzalearen ustetan, eurek egin dute akuilu lana etxebizitza sozialen politika berriak bultzatzeko. Oihana Briones, EH Bilduko bozeramalea pozik azaldu da 2020ko akordioaren emaitza 2023an ikusiko delako. Baina hiriak alokairu sozialean dsuen zorra handia denez, eskaintza azkartzeko Irunen ezohiko neurriak" behar direla oroitarazi du.
Alokairuen prezioa erregulatzeko bideak
Zentzu honetan, San Migel-Anaka eremuan eraikiko diren 800 etxebizitzetatik 400 bat alokairu sozialera bideratuko badira ere, edo Alei eremuan onartu berri diren beste 60 etxebizitzen proiektua "ez dira bihar eskura egongo". Eta beraz, alokairu pribatuaren prezioa erregulatzeko (batez bestean 720 eurokoa da Irune gaur egun) hirian egon daitezkeen etxebizitza pribatu hutsak ere, alokairu publiko arautura bideratzeko beharra ikusten du EH Bilduk. "Gehiago itxaron ezin dezaketen irundarrentzat aspaldi eskatu genuen Etxebizitza Hutsen Errolda bat egitea, erabiltzen ez diren etxe asko merkatura atera daitezkeelako" oroitarazten du Brionesek. Mila etxe huts baino gutxiago direla aurreikusi dute, baina horietatik 100 bat alokairura bideratuko balira, prezioen erregulatzeko balioko luke. "Alez-ale egiten da mendia", dio.