Berako turismo bulegoa martxan jarri dute Aste Santuko oporretarako

Antxeta Irratia 2023ko api. 5a, 00:00

Apirilaren 16ra bitarte egonen da irekita eta zenbait bisita gidatu ere antolatuko dituzte datozen bi igandetan.

Berako turismo bulegoak bere ateak ireki zituen pasa den astelehenean (apirilaren 3an). Datozen bi asteetan herrira hurbiltzen dien turistei behar duten zerbitzua eskaintzeko helburuarekin, Amaia Lagos arituko da lanean apirilaren 16ra bitarte.

Berako Kultur Etxean dagoen turismo bulegoaren ordutegia jakinarazi berri dute udaletik. Astelehenetik larunbatera goizez eta arratsaldez eskainiko dute euren zerbitzua, 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara. Igandetan berriz, goizez soilik irekiko dituzte ateak, 10:00etatik 14:00etara. Honez gain, bi bisita gidatu ere antolatu dituzte. Biak igandetan izanen dira, apirilaren 9an eta 16an, 12:00etan. Hauetan parte hartzeko erreserba egitea ezinbertzekoa izanen da eta horretarako, turismoa@bera.eus helbidera idatzi beharko da edo 610 21 40 66 telefonora deitu.

Udalak TopRutas aplikazioa ere martxan jarri du eta bertan, herritik barrena egin ahal daitezkeen zenbait ibilbide eskuragarri daude, hala nola, paseotxoa herrian barrena, BTT Berako itzulia, Berako mendi maratoi erdia, Larhunera igoera, Bunkerren ibilbidea, Mairu baratzeen ibilbidea, Mugako bidea, Xoldokogaineko urtegia, Santa Barbarara igoera, Ibardin-Usategieta-Ibardin ibilbidea, etab.

Hau guztiaz gain, datozen egunotan zenbait kultur eta kirol ekitaldi egonen dira Beran, bai herritarrentzako baita turistentzako ere. Bertzeak bertze, apirilaren 15ean Bideak dokumentala proiektatuko dute Kultur etxean 19:00etan. Honen ondotik, Aritz Ganboarekin solasaldia ere egonen da. Hurrengo egunean, apirilaren 16an, Berako mendi maratoi erdia ospatuko da goizean eta 12:00etan berriz, Amorantek taldeak kontzertua eskainiko du Kataku ostatuan.