Inguruko landareak identifikatzeko ikastaro teorikoa eta praktikoa eginen dute Elizondon

Antxeta Irratia 2023ko api. 5a, 00:00

Gorosti natur zientzia elkarteak emanen ditu hiru saioak (apirilaren 15ean, 18an eta 22an) eta doainik izanen da.

Gorosti natur zientzia elkartearen eskutik, inguruko landareak ezagutzen ikasteko saioak emanen dituzte hilabete honetan Elizondon. Hiru saio izanen dira guztira, apirilaren 15ean, 18an eta 22an, eta Arizkunenean eskainiko dira.

Lehen saioa apirilaren 15ean ospatuko da, 10:00etatik aitzinera. Ikastaro teoria izanen da hau eta landareen identifikazioaz arituko dira, baita Observado herritarren zientziarako plataformaz ere. 11:30ean berriz, aplikazioaren erabilera praktikoa eginen dute, ibilbide batean dauden landareak aztertzeko.

Apirilaren 18an ere saio teorikoa eginen dute. Hau arratsaldez eginen da, 18:00etatik 20:00etara eta landareak identifikatzeko baliabideak ezagutuko dituzte. Horretarako, Observado aplikazioak eskaintzen dituen aukerak ikasiko dituzte.

Azkenik, apirilaren 22an, ikasitako guztia praktikan jarriko dute. Ateraldi bat eginen dute goizez, 10:00etatik 13:00etara, eta bertan, landareen inbentarioa eginen dute.

Ikastaroa doainik izanen da, baina plaza mugatuak izanen ditu. Izena emateko gorostilandare@gmail.com helbidera idatzi beharko da, baita informazio gehiago eskuratu nahi bada ere.