Euskaratik eta eskubideen berdintasunetik «euskal babela» kolektiboki eraiki nahi du EH Bilduk

Antxeta Irratia 2023ko api. 3a, 00:00

Euskal gizartearen erronka nagusietako bat migrazioarena da EH BILDUren ustez. Eta horren inguruan hausnartzeko 'Migrazio eta Kultur-Aniztasun' jardunaldia antolatu du Irungo Palmera Montero gunean. Migratu eta arrazializatutako kolektiboen parte-hartzearekin, «eredu sozial, inklusibo eta antiarrazista propioa garatzeko beharraz» gogoetatu dute.

Euskal Herria gizarte anitza da gaur egun. IZan ere, Gaindegiaren arabera, Hegoaldeko herritarren %28,5 atzerrian jaioa da, eta Iparraldean %39,2 ez da bertakoa. Baina Europako eta espainiar zein frantses estatuetako politika migratorioek gurera lan eta bizitzera datozen pertsonak prekarietatera kondenatzen dituen bitartean, "eredu sozial, inklusibo eta antiarrazista propioa garatzeko beharra" aldarrikatu dute larunbatean EH Bilduk antolatutako 'Migrazioa eta Kultur-Aniztasuna'ri buruzko jardunaldian bildutako kolektiboek. Palmera Montero gunean Bilboko manteroen kolektiboa, SOS Arrazakeriako etxeko langileena, Bidaya emakume musulmanen elkartea edota Afrika United sengaladarren kolektiboak bat egin zuten besteren artean.

Aldiz, eguna irekitzeko, Europako estatuen atzerritartasun legeak eta Euskal Herritik eman daitezkeen alternatibaz hausnartzeko, Jon Iñarritu eta Pernando Barrena, Madril eta Bruselan parlamentariak migrazio politiken markoa aztertu zuten. Pernando Barrenaren arabera, "Euskal Herrian ez dugu migrazio politiken eskumenik, baina integrazioa bideratzeko aukerak badira udalgintza-komunitariotik". Dena dela, "migratutako pertsonei harrera egin eta integratzeaz gain, euren sorterria ez utzi beharretan izateko hemendik zer egin dezakegun hausnartu beharra dago" bere ustetan. Beti ere, migratzeko eskubidea aitortuta, duintasunez eta eskubide berdintasunetik Europatik arautu beharraz jabetuta.

Halere, jardunaldiaren protagonista nagusiak migratutako eta arrazializatutako kolektibo eta pertsonak izan ziren. Migrazioa fenomeno gisa baino, "errealitate konplexu eta eraikuntza prozesu kolektibo gisa ulertuko duen eredua" eskatzen dute. Txefi, LAB sindikatuko idazkari anti-arrazistako kideak dio, Europak migrazio instrumentala egiten duela, neo-esklabismoa. "Sistemak migranteak bide legaletik onartzen dituenean, gizartearen eta ekonomiaren leku zehatz batean kokatzeko da, gizartea eusten duten oinarrizko lanpostuetan, baina eskubide eta baldintza prekarioetan beti", salatzen du.

Zentzu honetan, abiapuntua, eskubide sozial eta legal guztiak aitortzea beharko luke. Eta horretan ari da ere, Erregularizazioa Orain plataforma. 700.000 sinadura bildu ondoan, migranteak erregularizatzeko herri ekimen legegilea eztabaidara eramango da Madrilgo kongresuan. Fathema Fernandez, plataformako kideak argi du, atzerritartasun legea kanporatzeko pentsatua dagoela. "Eskubide sozial, politiko, laboralak eta osasunari buruzkoak, ezinbestekoak dira bizitza duin bat eukitzeko", dio. Horren ondotik dator integratzeko prozesua. Eta horretan euskara integrazio tresna eraginkorra izan daitekeela uste dute migranteek. Euskara ikasteko nahia adierazi zuten jardunaldian, baina oinarrizko eskubideen ukaziotik prekarietatean murgilduta daudenez, euskara ikastea bigarren plano batean dago. Hortaz, hizkuntz-politika integratzaileagoak galdegiten dituzte.

Jon Iñarritu parlamentariak ere, euskara giltzarri izan daitekeela aitortu du Antxeta Irratiko mikrofonoetan. "Euskal kulturaren altxorra den heinean, gure gizartera etorritako pertsona horiei euskara ikasteko aukera zabaltzen badiegu, ziur nago gure gizartearen parte sentitzeko balio izango duela, euskaldun izango baitira".

Mugetako kontrol arrazistak

Jardunaldia ez zuen EH Bilduk Irunen ausaz antolatu, sinbolikoki baizik. Izan ere, 2018az geroztik Irun-Hendaia eta Behobia-Pausu arteko zubietan trantsitozko migratzaileek bizi duten egoera ere gogoan hartu nahi izan zuten.

Jon Iñarrituk, EH Bilduko Madrilgo parlamentariak Bidasoa zeharkatu nahian hildako 9 migranteak oroitarazi zituen, "batzuk erabaki batzuk hartu dituztelako". Eta azken hilabeteetan frantses poliziaren kontrolak zubietatik kendu badituzte ere, "neurri estetikoa" baizik ez dela salatu du. "Tren geltokietan eta Iparraldean barrena kontrolak egiten dituzte, eta hor ditugu beroan egiten dituzte migranteek itzulketak", azaldu du.

Era berean, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari migrazio politiken eskumenak eskatzeaz gain, migrante hauei Irunen egiten zaien harrera integrala izan dadin exijitu du Iñarrituk. "Oraindik ere Hilanderas (Gurutze Gorria)" eta beste baliabideetatik kanpo geratzen diren sistematik kanpo uzten dituztenak daudelako".

Irungo Harrera Sareak eta Bidasoa Etorkinekin elkarteak ere, euren esperientziaren berri emateko hitza hartu ahal izan zuten jardunaldiaren arratsaldeko partean. Harrera Sareak jakitera eman duenez, martxoan 188 lagun artatu ditu San Juan plazako harreran, horietatik 56 emakume eta 18 haur. Eta 55 migratzaile lagundu ditu gautxorian. Horietatik 3 gizon, eta emakume zein haur bana, dublinatuak, ez zituen Gurutze Gorriak aterpetxean onartu.