Irungo euskararen egoeraren irudiko izan zen ostiralean Irungo Uranzu frontoia. AEKk bultzatutako Euslider proiektuaren baitan, Irungo sei ikastetxetako 3. DBHko 200 bat ikaslek antolatu eta ospatu zuten Euslider Olinpiada.
Irungo udal ordezkari bat ere ez zen Uranzu frontoira hurbildu gazteek antolatutakoaz interesatzeko. Baina euskararen alde egina dute apostua, tinkoa dela erakutsi zuten 3. DBHko Hirubide, Txingudi Ikastola, San Vicente de Paul, Toki-Alai eta Eguzkitzako 200 ikasle bolondresek. Aurten Euslider proiektuan parte hartu dute "euskararen erabileran portaerak eraldatzeko" helburuarekin. Eta ikasleek antolatutako joko-kooperatiboen olinpiada batekin borobildu dute ekimena.
San Vicente de Paul eta Txingudi Ikastolako irakasleek aditzera eman digutenez, ez dute erronka makala ikastetxe barruan ere ikasleen artean euskaraz egin dezaten. "Eskola bakoitzak errealitate sozio-lingustikoa bat du, baina orokortua da bigarren hezkuntzara pasatzerakoan erdaraz gehiago egitea euskaraz baino", diote irakasleek. Moda ote den edo gaztelaniaren deskubritzeko beharra, irakasleekin linea gorria markatua dute hizkuntz erabilerari dagokionez. Baina Euslider Olinpiadaren atsedenaldia bera, errealitate horren irudiko izan da. Uranzu frontoitik atera bezain pronto, ikasleen gehiengo batek gazteleraz mintzatu baita euren artean.
Markel Martin, Txingudi Ikastolako eusliderretako batek dioenez, "ez da moda kontua, gaztelera orokortuagoa dago, eta LHtik DBHra pasatzerakoan gazteleraz ari direnekin nahastu orduko, denok gaztelera gehiago erabiltzen dugu tamalez". Eta aitortzen du, euslider gisa euskara erabil dezaten saiatzen dela lagunekin, "batzuetan astuna naiz, baina halere ez dute nahi".
Gazteen artean errealitate sozio-linguistiko bitxiak ematen dira halere. Atzerritik iritsitako ikasle berriek eskolan euskara bertako lehen hizkuntza gisa ikasten dutenez, euskaraz hitzegiten bukatzen baitute. "Gure koadrilan ukrainar bat dago, iaz iritsi zena, eta berari esker euskara gehiago egiten dugu orain".