Brusela eta Madrilgo migrazio politika zorrotzen markoaren aldean, geroz eta kultur-anitzagoa izango dugun etorkizuneko gizartea eraikitzeko erronka aztertuko dute Palmera Montero gunean, Pernando Barrena, Ion Iñarritu eta Euskal Herrira etorritako dozena bat pertsona arrazializatu eta eragileekin larunbatean antolatutako jardunaldian.
Azken datuen arabera, Euskal Herrian bizi diren lau herritarretik bat ez da bertan jaio. Hori kontuan hartuta, EH Bilduko Kultur-Aniztasun idazkaritzak 'Migrazio Politikei eta Kultur-Aniztasunaren Kudeaketari buruzko' jardunaldia antolatu du larunbata honetan Irungo Palmera Montero gunean.
Goizeko 10:00etan hasita, Bruselak eta Madrilek markatzen dituzten migrazio politika zorrotzen aurrean, Euskal Herrian integrazioa landu nahi du EH Bilduk. Eta egungo Euskal Herria, eta etorkizunekoa osatuko dutenekin hausnartu nahi du. Jokin Melida, Irungo EH Bilduko kidea izan dugu Goizeko Kafean gonbidatu. Eta aipatu digunez, "Euskal Herrian kultura eta jatorri desberdinak ditugu, eta areagotuko den heinean, gizarte kohesionatu bat lortzeko erronka horretan, etortzen diren pertsonekin eta euskeraz egin behar dugu".
Izan ere, euskara integrazio tresna eraginkorra delakoan dago koalizio abertzalea. Eta "ez du axola non jaio zaren, Euskal Herrian bizi baldin bazera, euskal herritarra zarenez, guztion artean eraiki beharko dugu daotzen hamarkadetan gizartea", argitzen du.
Eredu sozial eta integratzailea
Zentzu honetan, "eredu globalizatu eta kapitalista alboratuz", eredu sozialago baten ikuspegitik landu beharra dagoelkoan, jardunaldi hauetan Europa eta estatu mailako migrazio politika markoa aztertzeko, Jon Iñarritu senataria eta Pernando Barrena europarlamentaria gonbidatu dituzte jardunaldia irekitzeko. Baina protagonismo berezia izango dute egunerokotasunean gai honetan lanean ibiltzen diren elkarte, gizarte eragile eta pertsonek: CONAIk, Sos Arrazakeriak, Bidaya Emakume Musulmanen Elkarteak, Hajar Samadi, Marra Junior aktibista senegaldarra edota Beltza Afrika United taldea izango dira, besteak beste hitza hartuko dutenak. Melidak argitu duenez, "tentu handiz jorratu dugu, ez dugu txurien jardunaldi bat antolatu txurientzat, eragile hauetan parte hartzen duten pertsonak Euskal Herrira etorritakoak dira, arrazionalizatuak eta kultura desberdinetakoak".
Eguerdiko atsendenaldian 5 euroren truke bazkaltzeko aukera emango dute. Eta arratsaldean, integrazio irizpideak alde batera utzita, Euskal Herri mailako jardunaldia Irunen antolatzea erabaki dutenez, trantsitozko migratzaileen errealitatea ere aztertuko dute. Horretarako Iparraldeko Etorkinekin eta Irungo Harrera Sarea gonbidatu dituzte euren esperientziaren berri ematera.
Jardunaldia Irungo Palmera-Montero gunean izango da bihar, eta asistentzia baieztatzeko ehbildu@ehbildu.eus postara idatzi behar da.