2019an Abotsanitzek Ertzaintzaren komisaldegian salatu, eta ondoren Eguzki talde ekologistak jarraipena eman dion eskaerari udalak muzin egin dioenez, Arartekora jo dute ekologistek. Eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak 2021ean haltzadia lehengoratzeko agindu bazuen ere, herriaren defendatzaileari ere ez diote erantzunik eman.
Zaldunbordako makro-outlet proiektuaren hastapenetan lursail horretan egin ziren zuhaitz mozkerten harira, Arartekoak kargu hartu du Hondarribiko Udala, eta Eguzki talde ekologistak egindako salaketari jarraituz belarritik tira egin die udal agintariei. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak dagoeneko 2021eko azaroan agindu zuen, legez kanpo botatako haltzadia lehengoratzeko proiektua “lehenbailehen” egin behar zela. Eta Eguzki talde ekologistak joan den urteko irailan egindako galderak ez duenez erantzunik jaso, urtarrilean Arartekora jotzea erabaki zuen. Hondarribiko Udalak hiru hilabeteko epea zuen erantzuteko, eta Arartekoak egiaztatu duenez, ez du horrela egin.
Oroitarazi beharra dago, kontrako mugimendu azkarra izan zuen macro-outlet village proiektu famatua gelditua izan zela, EAEko Auzitegi Nagusiak Hondarribiko Hirigintza Plan Orokorra ezeztatu zuelako. Eta merkataritza-gunea legezko babesik gabe geratu zelako. Baina Auzitegiak erabaki hori hartu baino lehen ere, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Departamentuak ohartarazia zuen haltzadia nola edo hala zaindu egin behar zela.
Eguzkik Artartekora eraman duen salaketa, Abotsanitzek egina zuen aurretik Irungo Ertzain-etxean. 2019ko urrian jakitera eman zuen, hasiera batean udal arkitektak jakinarazi zien lur-prospekzio batzuk egiteko eskuhartze mugatua zenak, gerora 100.000 metro koadroren gainean eragin zuen baimenik gabekoa zela. Eta Jaizkibel-Aiako Harria korridore ekologikoaren parte izanik, Zokueta errekastoa ere kutsatu egin zutela.