'Bidasoako Atlas Emozionala'k gure eskualdea osatzen dituen geruzak aztergai jarri ditu Oiasso Museoan

Antxeta Irratia 2023ko mar. 30a, 00:00

Bidasoa izenaren etimologia, generoa, lanbide tradizionalak, literatura eta ibaiak inspiratutako artea jasotzen duen 'Bidasoako atlas emozionala' erakusketa, edo eskualdeko kartografia inmateriala Oiasso Museoan ikusgai duzue maiatzaren 28ra arte.

Bidasoaren memoria historiko eta emozionalaren elementu esanguratsuenak errepasatzen ditu hamar gai edo ideiaren bidez, horietako bakoitzaren inguruan erakusketa-unitate bat antolatuta. Erakusketa zenbait obra piktorikok, pieza etnografikok eta dokumentu historikok osatzen dute.

Marijo Noian, erakusketa honen komisarioarekin hitzegiteko aukera izan dugu, eta oroitarazi digunez, Irungo Udaleko Kultura arloak eskaintzen duen Ribera bekari esker abiatu zuten proiektua. Baina garatzen joan diren arabera ohartu dira, Bidasoaren bueltan, gure historia, kultura izana eta izenari buruz geruza andana bat dagoela aztertzeko.

Erakusketa maiatzaren 28ra arte bisitatu ahalko da museoan, ohiko irekiera-orduetan. Gainera, bisita gidatuak antolatuko dituzte larunbatetan 12:00etan. Bisita gidatuak, apirilaren 22 eta maiatzaren 13an goizeko 11.00etan iraganen dira. Izena emateko: https://losviajesdeaspasia.com/ webgunean sartzea besterik ez duzue.